| 1.1.5. EUROPAKO ETA GURE INGURUKO POLITIKEN BAT EGITEA Euskal gazteria eta gure inguruko beste leku batzuetako gazteriak ez dira desberdinak. Testuinguru bereziak dituzte, baina arazoak antzekoak dira. Hori dela-eta, oso baliagarria izan daiteke munduko, Europako, Estatu espainiarreko eta beste autonomia erkidego batzuetako Gazte Plan batzuen esperientziak eta ikuspegiak ezagutzea. Nazio Batuek "2000 eta ondorengo urteetarako Gazteentzako Mundu Ekintzako Programa" sustatu dute, gazteei benetako boterea emateko xedearekin. Horrek eskatzen du gure gizarteetako gazteek ekonomian, politikan, gizartean eta kulturan parte hartzeko dituzten aukera urriez ohartzea, baita murrizketa horiek gainditzeko aukerak eta baldintzak hobeto aprobetxatzea ere (1). Europa mailan gazte-politikak nahikoa aldatzen dira estatu batetik bestera. Oro har, gazteria-politikaren kontzeptuaren barruan honako jarduerak bultzatzen dira: gazteen asoziazionismoa eta parte-hartzea, gazteen mugikortasuna eta nazioarteko elkartrukatzeak, informazio eta aholkularitza zerbitzuak, kultura eta aisiako jarduerak, eta gizarteratze nahiz lan munduratze eremuko proiektuak eta ekimenak. Gazteriaren politika integralaren aldeko jarrera gero eta indar handiagoa hartzen ari da Europan, eta gero eta gehiago dira ikuspegi hori dutenak gazteriaren gaien, premien eta arazoen inguruan. Beraz, hainbat neurri hartzen dituzte gazteentzako jarduketen koordinazioa hobetzeko asmoz. 1992an, Estrasburgon, Europako Herri eta Lurralde mailako Botereen Konferentzia Iraunkorrean onartu zen gazteriak herri eta lurralde mailan parte hartzeko Gutunak, gazteen parte-hartzea bultza zezaten eskatzen zien herri eta lurralde mailako gobernuei, alor desberdinetako politikak egokiro artikulatuz, gazteek garaturiko proiektuetan oinarrituz. Proiektu horiek oso esparru zabaletakoak izan zitezkeen, esate baterako: aisia, asoziazionismoa, langabeziaren aurkako borroka, etxebizitza, prestakuntza eta sexuen arteko berdintasuna. Europako Parlamentuaren Europarako gazte-politika bati buruzko ebazpenak, eta Kontseiluaren 1999ko gazteen parte-hartzeari buruzko ebazpenak, gazteei bideratuta dagoen sektoreen arteko politika bateratua aldarrikatzen dute, gazten laguntzarekin eta euren beharrizanei loturik landuko dena, gazteen bizitza-baldintzak hobetzeko eta gazteria eta gizartearen beste talde batzuk ukitzen dituzten alderdi sozial, kultural eta politikoetan gazteen parte-hartzea hobetzeko. Ildo horretan, II. Gazte Plana lantzeko prozesua bat dator Europar Batasuneko gazteen aldeko politikari buruzko Liburu Zuria lantzeko prozesuan ezarritako ildo nagusiekin. Hain zuzen ere, II. Gazte Plana eta Europa mailan egindako lana bi esparru hauetan datoz bat: edukiak eta metodologia. q Edukiak. Liburu Zuriak azpimarratzen du estatu kideen arteko koordinazio-metodo irekia ezarri beharra dagoela, eta gazteriaren dimentsioari garrantzi handiagoa eman behar zaiola, gainerako politikak lantzeko orduan. q Metodologia. Liburu Zuria lantzeko prozesua gazteria-gaietan estatu kideen arteko koordinazioa handitzen ari dela berrestera etorri da. Hala, dokumentua idatzi baino lehenagoko fasean, hainbat konferentzia burutu ziren, nazio eta Europa mailakoak, eta haietan gazteak izan ziren protagonista nagusiak, zenbait aditu eta politikarirekin batera. Lan-saio horietan zehar egin ziren 440 proposamenek Europako Gazteriaren Liburu Zuriaren oinarria osatu dute. Estatu Espainiarraren barruan, berriz, “Gazteriaren alorreko ekintza globaleko plana, 2000-2003” garatzen ari da. Plan horretaz gain, autonomia erkidego batzuek bultzatu dituztenak ere hor daude, baita udal askok indarrean jarri dituztenak ere. Plan horietatik gehien-gehienak gazteriari buruzko plan orokor eta integralak dira. II. Gazte Plan hau lantzeko prozesuan lehen aipaturiko
plan eta jarduera-programa guztiak sakon aztertu dira, eta horrek bide
eman du esparru geografiko bakoitzean bildutako diagnostiko, helburu eta
ekintzak alderatzeko. Laburbilduta, konparazio horretatik ondorioztatzen
da II. Gazte Plana, oro har, gainerako planen antzekoa dela, bai lehentasunezko
alorrak zein diren zehazteari dagokionez, bai balioak esku-hartzearen
zeharkako elementutzat jotzen dituelako. |