| 1.1.4. GAZTERIA POLITIKA INTEGRALERANTZ AURRERA EGITEKO BEHARRA Sistema demokratikoa berrezarri denetik, gure inguruan aurrera eraman diren gazteria-politikek bilakaera nabarmena izan dute, honako faktore hauen arabera: antzeman diren beharrak, gizartean gertatu diren aldaketak eta markaturiko helburuak. -70eko hamarkadan sortu ziren gazteei zuzenduriko aisialdi-politikak. Lehen fasea 70eko hamarkadako azken urteen eta 80ko hamarkadako lehen urteen artean burutu zen, aisialdi eta denbora libreko eskaintza kulturala bultzatu eta martxan jartzeko. 70eko hamarkadan gazteen irudia gizarteko arazoekin lotzen da. Garai horretan bai komunikabideek, adituek eta bai gizarteak berak ere gazteen portaera arriskutsuak azpimarratu zituzten (drogak, indarkeria, trafiko-istripuak, etab.) eta kalea jartzen zuten gazteen arriskuen kokagune eta jatorri gisa. Gazteei zuzenduriko kultura eta aisiarako eskaintza, gizarte-eragile pribatuen ekimenaren esku zegoen erabat. Hori ikusirik, euskal administrazioak, gazteen espazio hori (kalea) egokiro beteko zuen aisiarako eskaintza sortzearen beharra ikusi zuen. -80ko hamarkadan gazteei bideraturiko hainbat ekimen sortzen da, informazio eta parte-hartze zabalagoa bultzatzeko. Gazteriaren Nazioarteko Urtearen (1985) ondoren hainbat berrikuntza eta aldaketa sortzen dira: ugaritu egiten da kulturaren eskaintza; gazteentzako informazio eta komunikazio kanal berriak sortzen dira (gazte-informaziorako bulegoak); eta hazi egiten da gazteei bideraturiko instalazio eta azpiegituren kopurua (aterpetxeak, denbora libreko hezkuntza-guneak, etab.). Garai horretan garatzen dira, baita ere, gazteria-zerbitzuak, gazteak elkartzearen eta parte hartzearen aldeko ekimenak. Euskadiko Gazteriaren Kontseilua ere orduan sortu zen (1986). -90eko hamarkadak, hau da, gazteen munduak krisia eta egoera kaskarra bizitzen dituen urte hauek, gazteei buruzko politika orokorrak eskatzen ditu, emantzipazioa eta gizarteratzea bultzatzen duten ekimenez lagunduak. 90eko hamarkadan batik bat bi fenomeno hauek antzematen
dira: euskal gazteen munduaren egoera kaskarra alde batetik, eta gizartean
benetako protagonismoa duen belaunaldia osatzeko dauden zailtasunak bestetik.
Ondorioz, ikuspegia aldatu eta gauza bat ikusten da garbi: gazteen errealitate
berriaren aurrean ezin dela erantzun bakar bat eman (aisia eta zerbitzuen
eskaintza, alegia), eta gainera hori ez dela gazteen arazoei erantzun
egokia emateko modurik garrantzitsuena. Gazteek dituzten arazo larrienei
erantzungo dien politika orokorrak eraman behar dira aurrera. Behar horri
erantzun nahi dio, hain zuzen ere, EAEko Gazte Plan honek. |