| 1.1.3. GAZTEEN EGOERA Jarraian gazteek bizi duten egoeraren deskribapen estatistiko laburra egiten da (1). Horrekin bakarrik adierazi nahi dugu, era errazean, zein diren gazteria-politikek eta zehazkiago II. Gazte Planak, oro har, aurrean dituen arazo nagusietako batzuk. Gazteak gehien kezkatzen dituzten arazoak zein diren erreparatzean, zalantzarik gabe kezka nagusia lana dela ohartzen gara: hamar gaztetatik sei iritzi horretakoa da. Kezka hori areagotu egiten da 20 urtetik gorako pertsonen artean, lan-mundura hurbiltzeko beharra gertuago sentitzen baitute. Horren arabera, II. Gazte Planean bi azpikolektibo horiek bereizi behar dira, alegia, 20 urtez azpiko pertsonak eta 20 eta gutxi gorabehera 30 urte artekoak. Gazteen egoera okupazionalari buruzko datuei erreparatuta, kolektibo horretan langabezia-tasa nabarmen jaitsi dela ohartzen gara, 1997. urteko %43tik 2000ko %13ra, hain zuzen (biztanleria aktiboari dagokionez). Hala ere, kuantitatiboki gazte-langabezia nabarmen jaitsi dela egia bada ere, ezegonkortasuna eta behin-behinekotasuna dira nagusi, hamar gaztetatik hiruk baino ez baitu mugagabeko kontratua. Bestalde, lan egiten dutenen gazteen %43,5en hileko soldata ez da 600 eurora iristen. Emakume gazte langileen kasuan kantitate hori are txikiagoa da; izan ere, gizonezkoen %36,1ek 600 euro baino gutxiago irabazten dituzten bitartean, emakumezkoen kasuan kopuru hori %52,2ra igotzen da. Argi dago, beraz, oraindik ere egiteko asko dagoela gazte-lanari eta berdintasunari dagokionez. Bigarren kezka-iturria etxebizitza da; horixe baieztatzen du gazteen %31k. Lanari buruzko alderdietan bi adin-multzo bereizi ditugun bezala, etxebizitzari dagokionez lehentasuna eman behar zaio 25 eta 35 urte arteko gazteek osatzen duten taldeari. Kasu honetan gazte kolektiboaren goiko muga 30 urtetik 35 urtera igo dugu, hain zuzen ere, eskura ditugun datuen arabera, 25 eta 29 urte arteko pertsonen %20 baino ez delako emantzipatu. Horrek beharrezko egiten du lehentasunezko kolektiboaren muga, gutxienez, 35 urtera luzatzea; izan ere, oro har emantzipatu beharra adinean aurrera egin ahala areagotu egiten baita. Argi dago etxebizitzaren prezioa dela (horrela adierazten du gazteen %91k) emantzipazioa galarazten duen elementu nagusia. Beraz, kezka hori lanari lotu behar zaio ezinbestean. Nabarmendu beharra dago lan egiten duten gazteen hileko diru-sarreren batezbestekoa 700 eurokoa dela gutxi gorabehera. Ondorioz, baldintza horietan, eta etxebizitza batek zenbat balio duen aintzat hartuta, gazteei oso zaila gertatzen zaie etxebizitza bat erostea. Gazteek duten hirugarren kezka terrorismoa da –%19k aipatzen dute–, eta kezka hori gora doa adinarekin batera. Hala, 15 eta 19 urte arteko gazteen %11k, 20 eta 24 urte artekoen %20k eta 25 eta 29 urte artekoen %25ek terrorismoa haientzat kezka-sorburua dela baieztatzen dute. Beraz, kezka horrek, lanarekin eta etxebizitzarekin gertatzen den bezala, eragin handiagoa dauka gazte helduagoen artean. 2. kapituluan zehatz aztertzen dira gazte-indarkeriaren eta balioen gaiak, eta gazte-indarkeriaren gai horrek zeharkako tratamendu bat behar duela nabarmentzen da. Beste esparru batzuk ez dira kezka nagusien artean agertzen, esaterako, osasuna eta ekintza soziala, hezkuntza edo aisia. Hala ere, datuek aditzera ematen dutenez, gazteak sentibera azaltzen dira zenbait egoera problematikoren aurrean, eta gainera, horiek eraldatu behar direla uste dute. Izan ere, bi gaztetatik batek uste du gizartean pobrezia izatearen arrazoi nagusia gizartea bera bidegabea izatea dela. Orobat, bi gaztetatik batek uste du pobrezia horri aurre egiteko eraldaketa sozial sakona abian jarri beharko litzatekeela, eta hamar gaztetatik hiruk laguntza sozialeko erakundeen laguntza ezinbestekoa litzatekeela. Osasunaren eta ekintza sozialaren esparruan, nabarmentzekoa da gazteen %54k gazte ugarik arazo psikologikoak sufritzen dituztela uste izatea. Izan ere, 15 eta 24 urte arteko gazteen artean depresioa bezalako emozio-desorekak heriotza eragiten duen hirugarren sorburua direla egiaztatu da. Gainera, 20 haur edo nerabetatik batek 19 urteak bete baino lehenago depresio-prozesu bat biziko duela uste da. Sexualitatea, zirkulazio-istripuak eta droga-kontsumoa dira beste arazo-gune batzuk, gazteen kolektiboari dagokionez. %43,7k ez du familiarekin hitz egiten metodo antikontzeptiboen inguruan, eta %42,2k sexu-transmisioko gaixotasunei inguruko gairik ez du aipatzen etxekoen aurrean. Bestalde, hamar gaztetatik batek uste du legezko drogen kontsumoa hedatua dagoela, eta hamarretik zazpik iritzi berdina dute legez kontrakoen inguruan. Nolanahi ere, osasunari eta ekintza sozialari dagokienez, bi azpikolektibo bereiztea komeni da: lehen kolektiboarekin (12 eta 18 urte artekoak) aurrea hartzea eraginkorrago gertatzen da; bigarren kolektiboarekin, ordea, (18 eta 30 urte artekoak, gutxi gorabehera) esku-hartze zuzenagoa eskatzen du. Lanerako hezkuntza eta prestakuntzari dagokionez ere zenbait kolektibo bereizi beharrean gaude. Hezkuntza-esparruan, lehentasuna eman behar zaio 15 eta 25 urte arteko pertsonen taldeari, eta lanerako prestakuntza-alorrean adin-multzoa pixka bat luzatu behar da, 30 urtera, gutxi gorabehera. Azkenik, aisiari lotutako jarduerak ugaritzeak bide ematen du gazteen kolektiboa zabaltzeko; horretan, 15 eta 30 urte arteko gazteak sartuko lirateke, gutxi gorabehera. Aisia-jardueren artean asoziazionismoarekin zerikusia dutenak nabarmentzen dira. Gazteen %42k elkarte baten kide dela esaten du. Parte hartzeko mota horren barruan kirol-elkarteekin zerikusia dutenak nabarmentzen dira; izan ere, gazteen %20 inguru kirol-elkarte baten kide da. Gainera, gazteen %55ak oso kirolzaletzat du bere burua, eta zaletasun hori handiagoa da gizonezkoen artean. Alor guztiei errepasatuz gero, "gaztea" kontzeptuak aldaerak dituela ohartzen gara, sailkapenaren xedea zein den. Hau da, lan-xedeetarako gaztea izatea eta ekintza sozialeko edo osasun-xedeetarako gaztea izatea ez dira gauza bera. Azken alor horretan, aurrea hartzeari heltzeko beharrak behartzen du, gutxienez, gaztetasunaren muga 12 urtera jaistera. Era berean, etxebizitza erosteko ahalmenari erreparatzen badiogu, muga hori gutxienez 35 urteen inguruan jarri beharko dugu. Hala, Planak erlatibizatu egin beharko du gaztea kontzeptua zehazteko garaian, irizpide absolutu zurrunak alde batera utzita; horrela bakarrik lortuko du jarduerak egokitzea. Gazteriak, aurrez azaldu denaren arabera, hainbat erronkari egin beharko die aurre ondorengo urteetan, eta erronka horiek aintzat hartu beharko dira gazteria-politikak diseinatzeko orduan. Europako Gazteriaren Liburu Zuriak faktore hauek nabarmentzen ditu (2): -Bilakaera demografikoa. Europar Batasuneko herrien joera
demografikoak bat datoz bi puntu hauetan: Europako biztanleria etengabe
zahartzen ari da eta adin-talderik gazteenak murrizten ari dira. Hala,
hurrengo 20 urteetan, 15 eta 24 urte arteko gazteak biztanleria osoaren
%12,4 izatetik %10,9 izatera igaroko dira. Pisu demografikoa galtzeak,
lehenik eta behin, Europar Batasunetik kanpoko giza baliabideetara jo
beharra eragingo du, eta horrek gure gizarteak dibertsifikatzea ekarriko
du berekin. Gauzak horrela, behar-beharrezkoa izango da hazten ari den
heterogeneotasun hori ongi kudeatzea. --Gaztaroa luzatzea. -Gazteak bizitza publikoan inplikatzea. Nabaria da gazteek gai publikoetan parte hartu nahi dutela, baina konpromiso indibidualago eta zehatzagoak hartuz, parte hartzeko egitura eta mekanismo tradizionaletatik kanpo. -Europako integrazio-prozesuaren irudi kontraesankorra. Gazteek positiboki baloratzen dute Europako integrazio-prozesua, eta horren baliorik instrumentalenak azpimarratzen dituzte; hala ere, gune hori kudeatzen duten erakundeak urrun daudela sentitzen dute. -Globalizazioa. Gazteek globalizazio-prozesuaren
produktu nagusiak (esaterako, informazio-teknologia berrien erabilpena)
bere egin badituzte ere, horren ondorio batzuk ez dituzte onartzen, justizia
sozialaren izenean. |