| 1.1.1. GAZTEAK ETA BEREN GIZARTE-ERREALITATEA Gizarte-zientzietako adituek gazteria nerabezaroaren eta heldutasunaren artean kokatzen dute. Orain arte gaztaroa mugatzeko gehien erabili izan den irizpidea eskolan emandako denbora izan da, edo zehatzago esanez, derrigorrezko hezkuntza amaitu eta goi-mailako hezkuntza amaitu bitartean dagoen tartea. Ikuspegi sozio-ekonomikora eta gazteen errealitate sozialera gehiago hurbilduz gero, ordea, garbi ikusten da lanaren irizpidea ere kontuan hartu behar dela, gaztaroa eta helduaroa bereizten dituen muga gisa, alegia. Lanaren faktorea ezinbestekoa da ikuspegi soziologikotik gaztaroa definitzeko erabiltzen den formulazio honetan: gazte izatea, familiaren mendekotasun ekonomikotik autonomia ekonomiko osora eta bakoitzaren emantzipaziora doan trantsizio-prozesua da. Lan-merkatuan sartzeko eta gurasoen etxetik irteteko dauden zailtasunen ondorioz, gaztaroa gero eta gehiago luzatzen dela ikusten dugu. Norberaren familiaren etxetik irten eta etxe berria osatzeko moduak –bai pertsona bakarreko etxebizitzen kasuan eta bai familia osoen kasuan ere– ez du zerikusi handirik duela hamarkada gutxi batzuetakoarekin. Horrek argi eta garbi erakusten dizkigu zer-nolako zailtasunak dituen gazteak gizartean integratzeko orduan. Gizarteak berak ere onartu egin du gaur egungo gaztaroaren luzatze hori. Beraz, gazteek bizi duten errealitatean zerikusi handia dute bai langabeziak etxetik irteteko orduan jartzen duen frenoak, eta bai horrek gazteen bizitzan dituen ondorioek ere. Gizarteko talderen batek langabeziaren ondorioak eta lan merkatuan sartzeko zailtasunak bizi baldin baditu, hori gazteen kolektiboa da; baita ekonomiak gora egiten duenean ere, (horixe baita gaur egungo egoera, hau da, ekonomiak onera egin arren zailtasun handiak daude lana aurkitzeko). Lanpostu edo etxe bat ez izateak benetako independentzia eta autonomiarik ez dagoela adierazten du; horrela, pertsonaren autoestimua zalantzan jartzen da, eta epe laburrerako bizitzeko proiektu egokirako perspektiba eta bideragarritasun hurbilik ez dagoenez, “soberan” egotearen sentsazioa sortzen zaie, eta sufrimenduz bizi dituzte gizartean benetako integraziorako aurkitzen dituzten zailtasunak. Azken urteotan nagusi den baikortasunaren aurrean, hona hemen gazteek gaur egun bizi duten egoerari loturiko zenbait datu: -Langabezia globalki asko gutxitu den arren, gazteak dira
oraindik ere langabezian dagoen gizarte-segmenturik handiena. Hazkunde ekonomikoa egon arren eta gazteen artean lana sortu arren, euren kabuz bizitzen jartzeko, gizarteratzeko eta helduarora benetan igarotzeko aukerak baliteke gazteengandik gero eta gehiago urruntzen aritzea. Dena den, gazteriaren gizarteratzea ebaluatzeko ez diogu esparru produktibo edo ekonomikoari soilik begiratu behar; beste alderdi batzuk ere hartu behar dira aintzat, esaterako: bikoteen arteko harremanak, konpromiso soziala, aisia nola bizi duten, ugaltzea (familia, beste pertsona batzuk zaintzea...). Horiek guztiek belaunaldi guztien integrazioa bideratzen dute, eta gainera, nabarmendu eta sustatu behar diren zenbait balio eta jokabide ekartzen dituzte. Beraz, ikuspegi ekonomikoa edo etxebizitza erosteko ahalmena kontuan hartzera mugatu beharrean, alderdi horiek guztiak ere aintzat hartuko ditugu, fenomenoari ikuspegi osoago eta bateratzaileago batetik heltzeko. Aurreko guztia hala izanik, euren kabuz bizitzen jartzeko eta gizarteratzeko prozesu hori atzeratzeak gazteengan ondoko ondorioak ditu: -Gaztaroa luzatu egiten da. Gazte askok beraien bizitza
pertsonalak alde batera utzi eta etorkizuna egonezinez bizi dute, beren
familiekin batera, itxaroten, gizartean leku bat lortzeko modua emango
dien aukera horren zain. |