Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Baso-kartografia

Fase honetako lanen xedeak dira EAEko baso-mapa eguneratzea eta lurzoru-erabileren zein baso-espezie nagusien banaketari buruzko datuak eskaintzea esparru geografiko eta fisiko ezberdinetarako (Erkidegoa, Lurralde Historikoa, eskualdeak, udalerriak, arro hidrografikoak, Natura 2000 Sarea...).

Basoko kartografia tematikoak, baso-mapa ere deitua, 1986 eta 1996. urteetako baso-inbentarioetan erabilitako metodologia  baliatu du oro har. Baso-mapa pantaila gaineko fotointerpretazioz egin da, koloretakko ortoargazkietan oinarrituta, honako fase hauei jaraiki:

  • Aurrez fotointerpretatzaileak trebatzea, landa-lanak egitera irtenda Lurralde bakoitzeko basoko landaretza-motak in situ ezagutzeko eta argazkiekin alderatu ahal izateko.
  • Ortoargazkiak ploteatzea: 1/5.000 kartografiako ortoargazki bakoitza paperean ploteatua izan zen 1/10.000 eskalara.
  • Teselaketa: teselak edo landaretza homogeneoko orbanak errotuladore iraunkor batez mugatu ziren, 1/10.000 eskalara ploteatutako ortoargazkietan gainjarritako azetato garden baten gainean.
  • Teselak bektorizatzea: teselatutako azetatoak eskaneatu egin ziren eta bektorizazio-programa baten bidez eraldatu, haiei koordenada geografikoak esleituz.
  • Kodeketa: teselak, pantailan koloretako ortoargazkien gainean bistaratuak, IFN3ren arauei jarraiki kodetu ziren. Fotointerpretatzaileek landaretza-motari buruzko erreferentzia hobeak eduki zitzaten, zalantzarik izanez gero 1996ko Baso Inbentarioaren landaretza-mapan sortutako kodeketa gainjar zitekeen. Horrela, aurreko Inbentarioan egindako landa-lan handiari neurri batean etekina atera ahal izan zitzaion.
  • Akatsen zuzenketa: behin orri ezberdinetako teselak kodetuta, egiaztatzen zen eremu hutsekiko edo balio okerrekiko teselarik ez zegoela eta teseletan ertz akastunik ez zegoela, batez ere orrien arteko mugetan.

Sortutako informazio alfanumerikoa eskuragarri dago horretarako garatutako datu-bankua edo taulak medio. Informazio geografikoa mapa moduan aurkezten da,  eta mapa-ikusgailua medio bistara daiteke.

Itzuli

 

Azken eguneratzea: 2007/01/23