Ekonomia eta Ogasun Saila

Astekonomiak EAEko hoteletako gaualdiei, esportazioei eta industriaren negozio-zifrari buruzko datu onetan jarri du arreta

2021-09-24

Astekonomia txostenak astero eskaintzen duen adierazle ekonomikoen laburpenak euskal ekonomiaren profil baikorra eskaintzen duten datu sorta batean jartzen du arreta gaur egun.

Lehenik eta behin, nabarmentzekoa da joan den abuztuan euskal hoteletan igarotako gauen berreskurapena. Ostatu-gau horiek % 75,7 igo ziren aurreko urtearekin alderatuta. Guztira, 780.730 gaualdi egin ziren, serie historiko osoko kopururik handiena, pandemiaren aurreko 2019ko abuztuko datua baino handiagoa.

Susperraldi hori esportazioetan ere islatzen da. Uztailean, atzerrirako salmenten guztizkoa duela urtebete baino % 17,7 handiagoa izan zen eta 2.186 milioi eurora iritsi zen. Lortutako emaitza ona izan arren, kopurua 2018ko uztailekoa baino txikiagoa da (2.360 milioi euro).

Era berean, adierazle positiboen ildo horretan, uztailean, industriaren negozio-kopuruak % 16,2 egin zuen gora, 2020ko hil berarekin alderatuta. Gainera, azken hamabi urteetako negozio kopururik handiena duen uztaila izatera pasa da. Serie honetako 100 indizea 2015eko batez bestekoari dagokio, eta uztaileko datua 131,2 puntukoa da.

Asteroko laburpen hau Ekonomia Zuzendaritzak egiten du, "Astekonomia" izenarekin, eta gutxi gorabehera minutu bateko iraupena duten bideo hauen oinarria da. Horrela, Ekonomia eta Ogasun Sailak mota horretako edukiak hedatzeko modu berri bat eskaintzen du; kasu honetan, ikus-entzunezko formatuan. Bideo horiek Sail honek sare sozialetan (Instagram, Lindekin, Youtube eta Twitter) eta Irekian dituen profiletan partekatzen dira.