Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

Etxebizitzen Sustapen Publikorako Lurzorua Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala


Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren aurkezpena

4/1990 Legeak, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzkoak, maiatzaren 31koak, gure autonomia-erkidegoko lurraldea antolatzeko tresnak ezarri zituen: Lurraldearen Antolamendurako Artezpideak, lurraldearen zatiko planak eta lurraldearen arloko planak.

28/1997 Dekretuaren, Eusko Jaurlaritzak otsailaren 11n onartu zuenaren, bidez onartu ziren behin betiko Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Artezpideak, gainerako tresnak prestatzeko eta idazteko erreferentzia direnak.

Aipatutako artezpide horien 9.3 atalean ezarri ziren bizitegitarako lurzoruaren politikaren inguruko orientazioak eta bertan adierazi zen Etxebizitzen Sustapen Publikorako Lurzorua Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana idazteko beharra, etxebizitzen arloko inbertsio publikoak orientatzeko hain justu. Gainera, bertan adierazi ziren planak barne hartu beharreko alderdiak:

a) Eskualde-egitura desberdinetan babes ofizialeko etxebizitzen beharrizana kuantifikatzea.

b) Adierazitako etxebizitzak kokatzeko irizpideak eta udal-plangintzak kontuan izan beharreko parametroak ezartzea, helburu horretarako behar den lurzoruaren eskuragarritasuna bermatzeko xedez.

c) Beharrezko inbertsioen programazioa eta proposatutako esku-hartzeen ikuspegia eta bideragarritasuna aditzera emango duen azterlan ekonomikoa.


Alderdi horietako batzuk eskualde-egitura bakoitzeko lurraldearen zatiko planak ere barne hartu beharko dituenez, arrazoizkoa litzateke Euskal Autonomia Erkidegoaren mailako analisi, balorazio eta diagnostiko orokor bat izatea, plan horien homogeneotasuna eta osagarritasuna bermatzeko. Analisi, balorazio eta diagnostiko horrek babes-erregimenen baten mendeko etxebizitzetarako lurzoruaren eskaintza eta eskariaren alderdi kuantitatiboak nahiz kualitatiboak hartuko lituzke kontuan, baita plan horien arteko ezinbesteko koordinazioaren eta lurralde-koherentziaren inguruko beste hainbat alderdi ere.

Hori dela eta, hemen aurkeztu dugun Etxebizitzen Sustapen Publikorako Lurzorua Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren aurrerapen-agiri hau aurreko horien erreferentzia eta laguntzarako marko orokortzat jo dezakegu. Gainera, etxebizitza-politikaren eta lurraldearen antolamenduaren gaineko eskumenak ditugun sailon arteko lan-prozesu koordinatuaren emaitza dela esan dezakegu, herritarrek etxebizitza duina izateko duten eskubidea eta gaur egun garatzen ari diren lurraldea antolatzeko estrategiak uztartzeko ahaleginaren emaitza.

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburua.

igo


Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren aurkezpena

Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzak garestiak izatea arazo larri eta orokorra da. Izan ere, etxebizitzen salneurriak izugarrizko igoera izan du azkeneko urteetan eta, hori dela eta, biztanleriaren zati handi batek ezin du etxebizitzarik erosi.

Arazo hori arintzeko eta biztanleriaren multzorik kaltetuenak etxebizitza duina izatea bermatzeko, ezinbestekoa da ondo kokatuta eta urbanizatuta egongo den eta etxebizitza babestuen prezioarekin bat etorriko den salneurria izango duen lurzoruaren eskaintza izatea.

Horrela bada, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren lehentasunezko ekintzetako bat da lurzoruaren erabilera EAEko hiritarren interes orokorrei jarraiki arautzera bideratutako plangintzaren, urbanizazioaren eta legeriaren inguruko prozesuak sustatzea eta bultzatzea.

Horretarako promulgatu zen, hain zuzen ere, 17/94 Legea, ekainaren 30ekoa, etxebizitzaren arloko presako neurriak eta hiri-plangintzako zein kudeaketako tresnak izapidetzeko neurriak zehazteari buruzkoa. Lege horrek administrazioak tasatu ahal izateko prezioa izango duten etxebizitzak eraikitzera bideratutako lurzorua berariaz kalifikatzeko betebeharra ezartzen zien plangintzei. Gainera, tresna berriak sortu dira eta lehendik zeudenak hobetu, babes ofizialeko etxebizitza berriak eraikitzea sustatzeko eta errazteko eta lehendik dagoen parkea ahalik eta gehien optimizatzea lortzeko.

Horrekin batera, kontuan izanik etxebizitza babestuak sustatzeko beharrezko lurzoruen banaketa espazial egokiak EAEko lurraldea antolatzeko estrategietan duen garrantzia, eta Lurraldearen Antolamendurako Artezpideen nahiz 1996ko ekainaren 26an onartutako Eusko Legebiltzarraren erabakiaren (horrek gobernua bizitegitarako lurzoru publikoaren inguruko lurraldearen arloko plan bat prestatzeko eta horren izapideak egiteko premiatzen zuen) lege-aginduak betez, Etxebizitzen Sustapen Publikorako Lurzorua Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren Aurrerapena aurkeztu nahi dugu, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailarekin koordinatuta. Horixe izango da sailaren etxebizitza-politikaren, 2002-2005 Etxebizitza Bideratzeko Planaren, lurralde-erreferentzia.

Horrenbestez, agiri honetan sailaren etxebizitza-politika dimentsionatzeko, banatzeko eta kokatzeko oinarrizko irizpideak eta esku hartzeko ildo estrategikoak eskaini nahi izan ditugu, etorkizuneko eskaera eta eskariaren inguruko aurreikuspen prospektiboen, biztanleriaren eta enpleguaren banaketaren, lurraldearen harrera-ahalmenaren eta Lurraldearen Antolamendurako Artezpideek proposatutako lurralde-ereduaren arabera. Izan ere, bide horretatik ekintza publikoen banaketa orekatua bermatuko dugu, baita ekintza horiek EAEko lurralde eta herritar guztietara iristea ere.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua.

igo



Aurretiko oharra

Aurrerapen hau argitaratzeko bidean zegoenean, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak 2002-2005 Etxebizitza Bideratzeko Plana aurkeztu zuen eta 2002ko azaroaren 5eko bilkuran onartu zuen Gobernu Kontseiluak. Plan honek 2000-2003 Etxebizitza Bideratzeko Plana, Etxebizitzen Sustapen Publikorako Lurzorua Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plan honen helburu orokorrak ezartzeko erreferentzia gisa erabili diren jarduteko ildoak eta helburu kuantitatiboak ezarri zituena, ordezkatuko du.

Lurraldearen Arloko Planak Etxebizitza Bideratzeko Plan berriaren helburuak barne hartzea nahi genukeen eta hori beharrezkoa izango litzatekeen arren, aurrerapenaren argitalpena, hedapena eta horren inguruko ondorengo eztabaida ez atzeratzea erabaki dugu. Horretarako ondorengo alderdiak izan ditugu kontuan:

  • Bi planek barne hartzen duten denbora-tarte desberdina (4 urte etxebizitza bideratzeko planak eta 16 urte lurraldearen arloko planak). Horrek esan nahi du ezin direla automatikoki eta mekanikoki parekatu bi kasuetan ezartzen diren helburuak. Hori bereziki nabarmena da kasu honetan, izan ere, bertan baieztatzen denez 2002-2005 Etxebizitza Bideratzeko Planak nolabaiteko txoke puntualaren izaera du eta ez dirudi egoki litzatekeenik azken horretako helburuak ondorengo laurtekoetara estrapolatzea.
  • Etxebizitza Bideratzeko Plan berriak aurreko planean barne hartutako jarduteko ildoei eutsi die. Horrenbestez, ez ditugu zertan berriz formulatu lurraldearen arloko plan honetan proposatutako programak. Gainera, plan berriaren helburu kuantitatiboetako askok ez dituzte funtsean aldatu 2000-2003 planekoak. Bi salbuespenik nabarmenenak etxebizitza hutsak alokatzearen (5.000 jarduera 2002-2005 planean eta 2000-2003 planean 2.200) eta saltzeko etxebizitza berriak sustatzearen (aurreko planean baino 1.700 etxebizitza gehiago planteatzen dira eta horrek %24 igotzen ditu plan berriaren laurteko helburuak) ingurukoak dira.
  • Aurrerapen honek suposizio zabal samarrak erabiltzen ditu Lurraldearen Arloko Planaren helburu kuantitatibo orokorrak 2000-2003 Etxebizitza Bideratzeko Plana estrapolatzearen bidez definitzeko garaian (2004-2015 aldirako helburuek urteko 500 etxebizitza gehitzen zizkioten 2000-2003 planean planteatutako batez besteko mailari). Horrek neurri batean behintzat konpentsatzen du Etxebizitza Bideratzeko Plan berriaren helburuen igoerak Lurraldearen Arloko Planaren 16 urteetarako helburuak berriz definitzeko garaian izan dezakeen eragina.
  • Zehatzago esateko, Etxebizitza Bideratzeko Plan berriak gehien aldatzen duen helburu kuantitatiboa etxebizitza hutsak alokatzearen ingurukoa da. Ildo hori hartu dugu jada barne aurrerapen honetan, baina aldatu egin dezake Lurraldearen Arloko Planean aurreikusitako egutegia (kudeatutako parke hutsari urteko 550 etxebizitza gehitzea, 16 urteko epearen amaieran guztira alokatutako 8.800 etxebizitza izateraino). Izan ere, plan berriak nabarmen areagotzen du 2002-2005 laurtekorako aurreikusitako ahalegina (aurreko planak aurreikusitako urteko 550 jardueretatik plan berriak aurreikusitako 1.250 jardueretara). Alabaina, jarduteko ildo honen izaerak berak (25.000 etxebizitza huts ingurutara bideratuko da) nolabaiteko muga ezartzen die jarduerei epe luzera (hori neurri honek kontrolatutako parkearen S formako garapen tipikoan islatzen da) eta, ziurrenik, nahikoa izango litzateke 2008 urterako aurreikusitako tarteko balioespenetan islatutako egutegia egokitzea eta aurrerapen honetan barne hartutako amaierako helburu orokorraren maila pixka bat aldatzea.

Arrazoi horiek kontuan izanda, uste dugu aurrerapen hau 2002-2005 Etxebizitza Bideratzeko Planaren helburuetara egokitzeak ez duela aldaketa handiegia eragingo Lurraldearen Arloko Planaren helburu kuantitatibo orokorrak identifikatzeari dagokionez, eta inola ere ez duela izango funtsezko eraginik lurraldeen plangintzetan, azken finean plan honen xede nagusi direnetan. Horrenbestez, nahiago izan dugu argitalpena eta berorren inguruko ondorengo eztabaida ez atzeratzea, uste baitugu Etxebizitza Bideratzeko Plan berria behin betiko onartzetik eratorritako aldaketek ez dutela funtsean eragiten agiri honetan bildu ditugun lurraldearen araberako aurreikuspen eta gomendioetan. Beraz, izapideen hurrengo aldirako utzi dugu mintzagai dugun dokumentua 2002-2005 Etxebizitza Bideratzeko Planera egokitzeko zeregina.

igo


Sarrera

Agiri honen zeregin nagusia etxebizitza babestuak sustatzeko gordetako lurzoruak kokatzeko, banatzeko eta dimentsionatzeko irizpideak proposatzean datza, baita hurrengo urteetan egingo diren jarduera publiko berriak bideratzeko lurralde-jarraibide batzuk eskaintzean ere. Jarraibide horiek ahalbidetuko dute, hain zuzen ere, etxebizitza-politika eta lurraldea antolatzeko lanak, Lurraldearen Antolamendurako Artezpideak (LAA) garatuz gauzatzen ari direnak, lotzea.

Zeregin horren ardatz nagusi gisa erreferentziako lurralde-eredu bat proposatuko da, etxebizitza babestuetarako lurzorua arautzeko. Eredu horrek eskualde-egitura bakoitzeko herritarrek lehen etxebizitza lortzeko dituzten premiak harmonizatuko ditu, ekintza publikoak modu orekatuan banatzearen bidez eta esku hartzeko politika egokia gauzatzearen bidez. Horretarako, ordea, gaur egun dagoen lurralde-eredua zuzentzeko estrategiak aplikatu beharko dira, LAAek eta lurraldearen zatiko planek (LZPek) ezarritakoaren bidetik.

Helburu orokor horiek abiapuntutzat hartuta, aurrerapen-dokumentu hau hainbat kapitulutan banatu dugu, bertan landutako gaien eta proposamenen edukien arabera. Horiek, nolabait ere, plana prestatzerakoan egin dugun prozesu metodologikoa ematen dute aditzera.

Bide horretatik, lehenengo kapituluan plana egiterakoan euskarri izan ditugun lege-oinarriak aipatzen dira. Horrezaz gain, planaren oinarrizko helburuak eta denboraren inguruko alderdiak.

Hurrengo hiru kapituluetan etxebizitzaren eta EAEko bizitegi-lurzoruaren arazoaren inguruko hainbat alderdi aztertu ditugu, betiere ikuspegi orokor batetik. Gainera, berariaz aztertu ditugu nolabaiteko babes-erregimenaren mendeko den etxebizitza sustatzearen ingurukoak, baita etxebizitza-politikak gauzatzeko eta sail eskumendunak edo eragile publiko zein pribaturen batek une bakoitzean egin ditzakeen ekintzetarako lurzoruari dagozkionak ere. Horrezaz gain, planak irauten duen bitartean oro har zenbat etxebizitza eraiki beharko diren balioetsi dugu eta eskualde-egituren arabera sistematizatutako diagnostikoak garatu ditugu. Ondorio modura edo, aztertutako alderdirik esanguratsuenei buruzko laburpena edo azalpena egin dugu.

Lau kapitulu horiek osatuko dituzte plana formulatzeko oinarriak, etxebizitza bideratzeko azkeneko planen programekin batera. Gainera, erreferentzia izango dira eredua ulertu ahal izateko.

Analisi honen euskarri gisa informazio gisako fitxa xehekatua (koadroak) eskainiko dugu, EAEko udalerri bakoitzerako eta, hedaduraz, horiek biltzen dituzten eskualde-egituretarako, egin duguna, hain justu. Informazio horrek guztiak duen bolumena dela eta, agiri honen azalpen orokorrean trabarik ez egiteko, horiek multzoka laburtu ditugu eranskin batean, dokumentuaren amaieran.

Bosgarren kapitulutik hamargarrenera bitartekoek, plana bera osatzen dutenek, irizpideak, proposamen orokorrak, helburu kuantitatiboak eta horiek lortzeko programak hartzen dituzte barne, baita etxebizitzen sustapen publikorako lurzorua antolatzeko lurralde-eredua, Eusko Jaurlaritzaren jarduera-aurreikuspenak lurraldearen arabera banatzeko proposamena eta Lurraldearen Antolamendurako Azterpideek EAE banatzeko oinarri gisa hartutako eskualde-egituretako bakoitzerako proposamen zehatzak ere.

igo