Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Wiesenthal, Simon

Gerra krimenetako austriar ikertzailea (Buczacz, Polonia, egun Ukraina, 1908). Arkitektura ikasketak egin zituen, Praga eta Lembergeko unibertsitateetan. Ikasketak bukatuta Lembergen lanean hasi zen, harik eta 1941ean alemaniar gudarosteak sartu ziren arte. Jatorriz judua izanik, naziek atxilo hartu zuten eta zenbait kontzentrazio esparruetan eduki zuten preso, harik eta 1945eko maiatzaren 5ean, Estatu Batuetako gudarosteek Mauthauseneko eremuan sartu eta aske utzi zuten arte. Gerra bukatu zenean nazien sarraskiaren erantzuleak salatzeko erabakia hartu zuen. Gerra krimenak ikertzeko sortu zen batzordean parte hartu zuen eta Juduen Batzorde Zentraleko burua izan zen Estatu Batuen mendeko Austriako zatian. Inoren laguntzarik gabe eta amarru harrigarriak baliatuz, sarraski haien 1.100 arduradun baino gehiagoren arrastoaren atzetik ibili zen. Besteak beste, Adolf Eichmann eta Frank Stangl auziperatzea lortu zuen: biotako aurrena urkamendian hiltzera zigortu zuten eta bigarrenari bizitza guztirako zigorra ezarri zioten. 1961ean, Linzeko Dokumentazio Zentroko artxiboak Jerusalemeko Yed Vachmen Institutura eraman ondoren, beste bilaketa zentro bat zabaldu zuen Vienan, mundu osotik iritsiako diru laguntzari esker. 1982an Vienako bere etxean hiltzen saiatu ziren. 1983an Bakearen Nobel sarirako hautagaietako bat izan zen, eta 1988an, bere 80. urtebetetzearen kariaz, Austriako gobernuaren omenaldia jaso zuen. Sari asko jaso ditu, eta liburu askoren egilea da: Mauthausen (1946), Neuk harrapatu nuen Eichman (1961), Hiltzaileak gure artean (1967), Cristina Jaworskaren kasua (1975).