Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Wesley, John

Britainiar teologoa (Epworth, Lincoln, 1703 - Londres, 1791). Metodismoaren aitzindaria izan zen. 1728an apaiz egin zen eta erruki elkarte baten zuzendari izan zen Oxforden. 1735ean Ebanjelioaren zabalkunderako elkarteak Ipar Ameriketara bidali zuen indiarren eta kolonoen artean misiolari. Londresa itzuli zenean, ordea, morabiar misiolari baten eraginez erreformaren iturrietara itzuli zen eta harrezkero Ingalaterran ibili zen bere dotrina predikatzen. Ez zuen onartzen predestinaziorik, gizona aske zela zioen eta salbazioa lortzeko Jainkoagan soilik sinestu behar zela zioen. Ez zuen eliza anglikanotik bereizitako elizarik antolatu, baina 1784an elkarte metodisten legezko estatusa finkatu zuen, eta bera hil ondorenerako plangintzak eginarazi zituen.