Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Veronese, Paolo

(Jaiotza izenaz Paolo Caliari). Italiar margolaria (Verona, 1528 - Venezia, 1588). Eskulangile baten semea zen, eta osperik gabeko maisuekin ikasi zuen. Manierismoaren eta batez ere Michelangeloren eraginpean hasi zen lanean, San Antonioren tentazioak obran (1552) nabari denez. Veneziara joan zen gero, eta han hasi zen lanean Duxaren jauregian. Hamarren Kontseiluko sabaiaren apainketa egin zuen; perspektiba berezi bat erabili zuen, sotto in sú; horren bidez, pertsonaiak, scorzo bitxietan jarriak, hegan dabiltzala dirudi, zeru urdin argitsu batean. Teknika hori areago erabili zuen Maser etxea apaintzean (1561) egunoroko eszenak eta mitologiakoak adierazteko. Veneziako pintoreen artean ospetsuena egin zen, eta semeekin batera lantegi bat zabaldu zuen, erretratu ugari egin zituena, koadro erlijiosoak (Kanako eztaiak, Tenpluko aurkezpena), eta mitologiakoak (Marte eta Venus Maitasunak aurkituak), denak ere indar eta handitasun bikainekoak. 1573an Inkisizioak epaitu zuen, haren Azken Afaria mundutarregia zelakoan; azkenean, barkamena eman zioten, koadroaren izena aldarazi ondoren (Leviren etxeko afaria). Azken urteetako obretan, Magoen adorazioa eta Magdalena horien artean, barnekoiagoak dira, aberastasun kromatikoari uko egin gabe. Nolanahi ere, Veroneseren obraren ezaugarri nagusiak handitasuna eta obraren egituran arkitekturak eragin handia izatea dira.