Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Verona

Italiako iparraldeko hiria, izen bereko probintziako hiriburua, Veneton, Lessini mendiaren oinetan, Adige ibaiaren ertzean, Veneziako hiriaren mendebalean. 258.476 biztanle ditu hiriak eta 3.096 km2 eta 787.722 biztanle probintziak. Unibertsitatea. Aireportua. Burdinbide eta errepide gune garrantzitsua. Nekazaritza produktuen merkataritza (fruituak, barazkiak, laboreak, mahatsa) eta industria (ardogintza, kimika industria, papergintza, ehungintza, azukre findegiak, artisautza) dira ekonomia jarduera nagusiak. Monumentuei dagokienez, oso hiri ikusgarria da eta garai askotako obrak gorde ditu. Aipagarriak dira, besteak beste, K.o. I. mendeko Arena teatro erromatarra (gaur egun operarako erabilia), mende bereko bi ate, K.a. I. mendeko Arco dei Gavi arkua (XX. mendean berritua), 1714ko Lapidario Maffeiano museoa (antzinateko Erroma eta Greziako gauzak gordetzen dituena), V. mendeko jatorria duen S. Zeno Maggiore eliza erromanikoa (XII-XIII. mendeetan berritua), XIII. mende bukaerako S. Anastasia eliza gotikoa (XV. mendean amaitua), XV. mendean berritutako katedral erromaniko-gotikoa, XI-XIII. mendeetako S. Fermo eliza, XV. mendean berritutako Nazzaro eta Celso santuen eliza eta mende bereko S. Giorgio in Braide eliza. Nabarmentzekoak dira, halaber, XIV. mendeko Castelvecchio jauregia (museoa gaur egun), Loggia del Consiglio jauregia (1493), XII. mendeko Palazzo della Ragione jauregia eta 1345. urteko Scaligero harrizko zubia, Bigarren Mundu Gerra amaituta berreraiki behar izan zutena. Aipatutako elizetan Verona eta inguruko Erdi Aroko pintore ospetsuenen (Pisano, Montagna, Caliari) obrak daude ikusgai. v Historia. K.a. 89. urtean Erromako kolonia bihurtu zen eta denbora laburrean garrantzi handiko hiri bilakatu zen Europarako bideak bertatik igarotzen zirelako. 489an ostrogodoen errege Teodorikok inbaditu zuen eta gaztelu bat eraikiarazi zuen Adige ibaiaren ertzean. 774an Karlomagnok konkistatu zuen eta han bizi izan ziren haren seme eta errege Pepin eta Berengario I.a. XII. mende hasieratik herri burujabea izan zen, baina guelfoen eta gibelinoen arteko istiluak hasi ziren. 1260-1387. urteetan della Scala sendiaren eskuetan egon zen Veronako aginpidea. 1387an Milango hiriaren mendean zegoen eta 1405ean Veneziako Errepublikaren administraziopean. Bonapartek Austriaren eskuetan utzi zuen (1797-1801). 1805-1814. urteetan Italiako erreinuaren barnean zegoen eta Adigeko departamenduko hiriburua izan zen, ondoren, berriro Austriaren mende geratzeko. 1866an Italian sartu zen. Kalte handiak izan zituen Bigarren Mundu Gerran.