Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Verrocchio, Andrea del

(Andrea de Cioni jaiotza izenaz). Italiar pintorea, eskultorea eta urregina (Florentzia, 1435 - Venezia, 1488). Giulano Verrochiorekin (hortik bere egin zuen deitura) ikasi zituen urregintza eta pinturaren teknikak eta Donatellorekin eskultura. Egilearen hasierako obrarik gorde ez bada ere, ospe handia behar zuen izan, 1665. urtean eskultura lantegi bat zabaldu baitzuen. Urtebete geroago, Donatello hil zenean, Medici familiaren artista nagusi izan zen. Haren lehen lan garrantzitsua San Lorentzo elizan dagoen Piero eta Giovanni Medicien hilobia izan zen, marmol eta brontzezko dekorazio ugari dituena (1472). Azken urteetan eskultura landu zuen batez ere: Pistoiako katedralean Niccolò Forteguerri kardinalaren omenez eginiko monumentua, marmolezko Dama lore-sortaduna (1476), Kristo eta Santo Tomas izenaz ezagutzen den multzoa, Donatelloren ereduetan oinarritutako brontzezko David eta Bartolomeo Colleoni condottieri-en buruzagiaren omenezko brontzezko estatua (Venezia, 1496). Pinturaren alorrean ez zen hain ezaguna izan baina haren lantegian gerora ezagun egin ziren ikasleak aritu ziren: Perugino, Lorenzo di Credi eta Leonardo da Vinci, etab. Kristoren bataioa (1474-1475) da Verrocchioren koadrorik ezagunena.