Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Vendée

Frantziako mendebaleko departamendua, Pays-de-la-Loireko lurraldean [85], Ozeano Atlantikoaren ertzean. 6.971 km2 eta 483.027 biztanle. Prefetura hiria, Roche-sur-Yon. Suprefetura hiriak, Fontenay-le-Comte eta Sables d’Olonne. Departamenduaren barnean daude, halaber, kostaldetik hurbil dauden Yeu eta Noirmoutier uharteak. Ordoki zabal batek hartzen du ia departamendu osoa eta kostaldea ere zelaia da. Ipar-mendebaletik hego-ekialdera 300 m-ra iristen ez diren mendialdeak ditu, baso trinkoez estalita. Ekonomia jarduera nagusiak abere hazkuntza (behi eta ardi azienda), laborantza (garia, garagarra, bazkarako landareak, loreak), arrantza (Port-Joinville), basogintza, meen ustiapena (uranioa Montagne-sur-Sèvren) eta turismoa (Sables d’Olonne, Saint-Jean-de-Monts) dira. v Vendéeko gerra. 1793. urtean Frantziako Iraultzaren kontra izan zen matxinada, erregezalea eta katolikoa. Martxoan hasi zen, indartu, eta Fontenay eta Saumur konkistatu ondoren zabaldu zen, nahiz eta matxinatuek ez zuten lortu Nantesko hiria hartzea. Cholet, Le Mans eta Saveneyko hirietan garaitu zituzten. Oso borroka gogorra izan zen (dirudienez 15.000 pertsonan hil zituzten Iraultzaren aldekoek), eta 1795eko maiatza arte ez ziren bakerako elkarrizketak hasi. Berriz ere izan ziren matxinadak, txikiagoak, Vendéen, 1799, 1815 eta 1832. urteetan, Luis-Filiperen monarkia konstituzionaleren aurka.