Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Vasarely, Victor

Frantses pintorea, hungariar jatorrikoa (Pécs, 1908 - Frantzia, 1997). Op art higikundeko margolari nagusietako bat da. Budapesten hasi zen lanean, Bauhauseko tradizioan. 1930ean Hungariatik alde egin eta Parisa joan zen bizitzera. Hasieran publizitatean aritu zen, ikerketan eta bere lanean sakontzen jarraitzen zuen bitartean. 1940tik aurrera bere estiloko ezaugarri nagusiak, forma geometrikoak eta koloreak elkarren eraginean, erabiltzen hasi zen. 1950-1960. urteetan egin zituen lan garrantzitsuenak, kolore argiagoak eta indartsuagoak hartuta, ilusio optikoaren bitartez higiduraren sujestioa sortzeko ikuslearengan. Lan horien artean aipagarriak dira Sirius II, Ondho, eta Arny-C. 1959. urtean frantses herritartasuna hartu zuen, eta 1970ean Vasarely fundazioa sortu zuen, berak diseinatutako etxe batean, Aix-en-Provencen.