Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Varsovia

(Polonieraz, Warszawa). Poloniako eta Varsoviako voivoderriko (3.788 km2 eta 2.419.100 biztanle) hiriburua eta ibai portua, errepublikako eki-erdialdean, Vistula ibaiaren ertzean. 1.655.100 biztanle (2.215.000 biztanle ditu hirialdeak). Bi unibertsitate. Artzapezpikutegi katolikoa eta ortodoxoa. Aireportua. Berlin eta Moskuko hirien arteko errepide eta burdinbide gune garrantzitsuena da. Merkataritza eta industria (ehungintza, metalurgia, altzairugintza, kimika industria, tresneria elektrikoa eta mekanikoa, janari, larru, beira, zeramika, zura, automobila) dira ekonomia jarduera nagusiak. Bigarren Mundu Gerran alemaniarrek ia erabat suntsitu zuten hiria. Aipagarriak dira hiriko etorbide zabalak, lorategiak, liburutegia, galeriak, museoak eta antzokiak, XIV. mendeko katedral berritua, Radziwill gaztelua eta kultura eta jakintzetako jauregia. v Historia. XIV. mendean herri txiki bat baizik ez zen Varsovia; Mazoviako dukeak han kokatu zirenean hasi zen hiriaren hazkundea. Dinastia hori desagertu zenean Poloniako erreinuaren barnean geratu zen. 1596. urtean Sigismundo III.a Vasak erreinuko hiriburu egin zuen. Poloniako historiaren bilakaerak (lurraldeen banakuntza, erasoak) hiriburuaren hondamendia ekarri du askotan. Hilketa handiak izan ziren Bigarren Mundu Gerran eta, 1943an, hiriko juduen matxinada aitzakiatzat harturik, Varsoviako judu guztiak (500.000 inguru) hil zituzten naziek. 1944an Sobietar Batasun ohiko gudarosteak Varsoviara hurbiltzen ari zirenean Tadeusz Komorowski poloniar jeneralak alemaniarren aurkako matxinada antolatu zuen, baina naziek erabat suntsitu zuten hiria. Gerra amaitu zenean herrialde sozialisten ekonomia elkarteko (COMECON) eta Varsoviako Hitzarmena osatzen zuten herrialdeen egoitza izan zen. v Varsoviako hitzarmena. 1955eko maiatzaren 14an Europako herrialde sozialista guztiek (Jugoslavia eta, 1968az gero, Albania izan ezik) elkarri laguntzeko izenpetu zuten ituna, Estatu Batuen eta Europako herrialde kapitalisten (NATO) elkartasun militarrari aurre egitea helburu zuena. 1991n Sobietar Batasuna desagertu zenean desegin zen.