Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Varron, Marko Terentzio

(Lat. Marcus Terentius Varro). Erromatar jakintsua (Reate, K.a. 119 - K.a. 27). Pretore izatera iritsi zen, baina ikasteari eta idazteari eman zion denbora gehiena. Piraten aurkako gerran Ponpeioren ordezkari izan zen eta gerra zibila hasi zenean Lusitanian borrokatu zen, Ponpeioren bi lejioen buru zela. Gerra amaitu zenean Zesarrek liburutegi publikoetako zuzendari izendatu zuen. Diktadorea hil zenean Marko Antoniok bahitu zituen Varronen ondasunak eta kargutik kendu zuen, baina geroago, Oktaviok dirua eta lehengo kargua eman zizkion. 74 obra idatzi zituen, ondorengo jakitunek eta Elizako gurasoek, San Agustinek batez ere, sarri erabili zituztenak. Poesiak, satirak, hitz-lauzko obrak, biografiak eta entziklopedia bat idatzi zituen, denak galduak. Nekazaritzari buruzko hiru liburu (Rerum rusticarum libri III), gai honi buruz gordetzen diren zaharrenak, eta filologiari buruzko tratatua (De lingua Latina) osatzen zuten 25 liburuetatik bost gorde dira.