Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Terentzio Publio

(Lat. Publius Terentius Afer). Komediagile latinoa (Kartago, K.a. 185 edo 186 - ?, K.a. 159). Terencio Lucano senatariaren esklaboa izan zen eta hark heziketa liberala eman ondoren aske utzi zuen. Eszipion Emilianoren adiskidea izan zen. Sei komedia egin zituen, K.a. 166-160 bitartean antzeztu zirenak: Andria, Hecyra (Amaginarreba), Heauton timoroumenos (Bere burua atsekabetzen duena), Eunuchus (Eunukoa), Phormio eta Adelphi (Anai-arrebak). Komedia horiek guztiak, garai hartan ohi zen bezala, K.a. IV. mendean garatu zen greziar komedia berriko egileen antzerki lanetan zeuden oinarrituak, Menandro idazlearenetan batez ere. Askatasun handiz egokitu zituen obrak baina Plauto komediagile erromatarrak ez bezala, ez zen obrak erromatar giroan egokitzen saiatu eta Greziako kultura hartu zuen aintzat idazterakoan. Terentzioren lanak ikusle ikasiarentzat ziren eta agian horregatik ez zuten, bere garaian, arrakastarik lortu. Oinarritzat hartu zituen jatorrizko obretan bezala maitasunari buruzko arazo korapilotsuak erabili zituen gehienetan.