Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tagore, Rabindranath

Bengaliar idazlea (Kalkuta, 1861 - Santiniketan, Kalkutatik hurbil, 1941). 1878-1880 urteetan Ingalaterran izan zen eta Europako musika eta literatura aztertu zituen. Indiara itzuli eta 1881. urtean bidaia hartako oroitzapenak idatzi zituen: Europan zehar bidaiatu denaren gutunak. 1891. urtean Shirlayda-n hartu zuen bizilekua aitaren ondasunak administratzeko asmoz. Bengalako nekazaritza eremuan bizitakoak Citra (1896), Kalpana (1900, Ametsak), Naibedya (1901, Oparia) eta beste poesia bildumetan islatu zituen. Garai hartakoak dira, halaber, Chitrangada (1892) eta Malini (1895) drama lirikoak. 1901. urtean, Santiniketan-en, mendebaleko eta Indiako filosofia uztartuko zituen eskola bat sortu zuen eta panteismoaren gune garrantzitsua bihurtu zen denbora gutxian. Gizarte arazoez ere sakon arduratu zen, eta Indiaren independentziaren aldeko agertu zen Gora (1907-1910) eleberriaren eta Galpaguccha (1912, Historia sorta) kontakizun liburuaren bidez. 1902-1907 urteetan emaztea, bi seme eta Satir Chandra Roy ikasle eta poeta galdu zituen eta garai hartan idatzi zituen poema mistiko sakonenak: Gitanjali (1910). 1912. urtean Literaturako Nobel saria eskuratu zuen eta aurrerantzean munduko leku askotan izan zen hizlari. 1921. urtean Visva Bharati nazioarteko unibertsitatea sortu zuen Santiniketan-en. Tagorek, bestalde, lan gaitza egin zuen Indiako eta mendebaleko kulturak ezagutarazten. Tagoreren zenbait lan euskarara itzuli izan dira: Ilargi barria, Baratze zaina, Liriku eskaintza, Santiago Onandiak itzuliak; Erregearen karteroa, Estanislao Urruzola “Uxola”-k itzulia.