Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

tai 2

iz. Asiako hego-ekialdeko herri multzoa. Asiako hego-ekialdeko penintsulan, Txinan (Yunnan herrialdean) eta Birmanian bizi dira tai herriak. Hirurogei milioitik gora dira gaurko egunean. Hauek dira herri haietako garrantzitsuenak: tai edo siam herria, Thailandiako erdialdean eta hegoaldean; lao herria, Laosen eta Thailandiako iparraldean; shan herria, Birmaniako ekialdean; herria, Txinako Yunnan herrialdean eta Birmania, Laos, Thailandia eta Vietnamgo iparraldean; Yunnango tai herria, Yunnango etnia nagusia; eta Vietnamgo tai herria, Vietnamgo iparraldean. Laborariak dira (arroza lantzen dute), tai hizkuntzak erabiltzen dituzte eta erlijioz budistak dira gehienak. Tai herria Yang Tse Kiang ibaiaren arroan bizi zen K.o. I. mendean eta Asiako hego-ekialdera jo zuen hurrengo mendeetan, txinatarrek behartuta. Egungo Txinako Yunnanen eta beste herrialde batzuetan finkatu ziren batzuk (14 milioi tai inguru bizi dira gaur egun Yunnanen). Tai herriak Thailandian, Laos-en eta Birmaniako Shan estatuan dira nagusi. v Tai hizkuntzak. Asiako hego-ekialdeko hizkuntza multzoa. Antza handia du txinatar-tibetar hizkuntzekin, fonologia egiturei dagokienez, eta Txinako hegoaldeko eta Hainan-go hizkuntzekin hiztegian. Thailandian, Laosen, Birmanian, Indiako ipar-ekialdean, Vietnamgo iparraldean eta Txinako hego-mendebalean erabiltzen dira tai hizkuntzak. Hiru tai hizkuntza multzo nagusi bereizten dira: hego-mendebaleko tai hizkuntzak (thai, lao, shan, khün, lü,… Thailandian, Laosen, Shan estatuan, Vietnam-go iparraldean eta Yunnanen. Tai hiztunen bi heren mintzo da hizkuntza horietan), erdialdeko tai hizkuntzak (tho dialektoak, Vietnamgo iparraldean eta Txinako hegoaldean, Kwangsi herrialdean) eta iparraldeko tai hizkuntzak (Txinako hegoaldeko eta Vietnamgo iparraldeko dialekto batzuk). Tai edo siam (Thailandiako hizkuntza ofizila), lao (Laosko hizkuntza ofiziala) eta shan (egun Birmaniaren barnean dagoen Shan estatuko hizkuntza) dira ezagunenak. Bi idazkera molde erabiltzen dituzte. Erdialdeko eta iparraldekoek txinatar sistema erabiltzen dute XVIII. mendeaz geroztik. Hego-mendebaleko hizkuntzek alfabeto indo-ariar egokitu bat erabili dute XIII. mendetik aurrera.