Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tafuri, Manfredo

Italiar arkitektoa eta arkitekturaren historialaria (Venezia, 1935 - 1994). 1968. urtetik aurrera Veneziako Arkitektura Institutuan jarri zituen abian Tafurik bere ikerketak, eta egitarau pedagogiko berritzailea osatu zuen. 1960ko hamarraldiaren hasieran Casabella-Continuita aldizkariko erredakzioan parte hartu zuen. Higikunde modernoaren historiaren azterketa kritikoa egitea zen aldizkari haren asmoa. Veneziako Institutuan Massimo Cacciari, Francesco Dal Co, Marco de Michelis eta beste hainbat historialari gazte ezagutu zituen, eta ezagutza horren ondorioz muturrera eraman zuen Tafurik Bruno Zeviren historia operatiboaren kritika. Tafurik egin zuen garrantzizko lehenengo lanean, Théories et histoire de l’architecture (Arkitektura teoriak eta historia), 1920ko hamarraldiko abangoardiako teoriaren eta proiektuen arteko kontraesanak aztertzen zituen, eta nabarmen uzten zuen bere adostasuna arrazionalizazio kapitalistaren lanekin. Gogoeta horietan oinarrituta, Tafurik hamabost urtez lan egin zuen talde bat osatu zuen, 1968. urteaz geroztik Europan indar handiaz aritu zena. Bestalde, talde hura izan zen Roland Barthes, Michel Foucault eta Walter Benjamin-en irakurketatik ondorioztatutako metodoak arkitekturara eraman zituen lehena. Bere kide eta laguntzaileekin hainbat eraikuntza kolektibo egin zituen errusiar abangoardiako arte eta arkitekturari buruz, Ameriketako hirigintzari buruz eta Alemaniako gizarte erreformaren arkitekturari buruz. 1980ko hamarraldiaren hasieran, Manfredo Tafurik lekuz aldatu zuen ikerketa zentroa. La Sfera e il labirinto argitalpenaren ondoren, XX. mendeko abangoardiei buruzko lana amaitutzat eman zuen eta Veneziako Berpizkundearen azterketari ekin zion. Baina hiriarekiko interesaz gainera, Raphael, Jules Romain edo Andrea Palladiori buruzko azterketak ere egin zituen. Tafuriren liburuek harrera ona izan zuten 1970eko hamarraldian Frantzian, Espainian eta Estatu Batuetan.