Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Stendhal

(Jaiotza izenaz Henri Beile). Frantses idazlea (Grenoble, 1783 - Paris, 1842). Parisen hartu zuen bizilekua eta gerrako ministerioan hasi zen lanean. 1800ean Milana joan zen Napoleonen gudarostearekin; Italia ezagutu izanak garrantzi handia izan zuen bere bizitzan eta eleberrigintzan. 1806tik 1814ra goi mailako karguak izan zituen administrazioan, eta Austrian, Alemanian eta Errusian zehar bidaiatu zuen. Napoleon aginpidetik bota zutenean Stendhal Italiara erbesteratu zen; garai hartan idatzi zituen lehen liburuak: historiako saiakerak eta musika eta arteari buruzko idazlanak. 1821ean Parisa itzuli zen; 1822an De l’amour (Maitasunaz) eta 1823an Racine et Shakespeare saiakerak argitaratu zituen. 1827an idatzi zuen lehen eleberria, Armance, eta 1829an Vanina Vanini eleberri laburra. 1830ean bere eleberri ezagunena argitaratu zuen, Le Rouge et le Noir (Gorria eta Beltza), Julien Sorel protagonistaren bitartez garai hartako gizartea zorrotz aztertzen duen maisu lan errealista. 1830etik 1841era kontsul izan zen Triesten eta Civitavecchian; urte horietan idatzi zituen idazlan gehienak: Souvenirs d’egotisme (1832, Egotismoaren oroitzapenak); Lucien Leuwen (1832), bukatu gabe utzi zuen eleberria, 1894an argitaratu zena; Vie de Henri Brulard (1836, Henri Brulard-en bizitza); Mémoires d’un touriste (1838, Turista baten oroitzapenak); Chroniques italiennes (1839, Italiako kronikak); La chartreuse de Parme (1839, Parmako kartusia); Lamiel (1839-1842). Bere garaian arrakasta handirik izan ez bazuen ere, geroztik kritikak XIX. mendeko idazle handienetakotzat jo izan du.