Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Stern, Isaac

Estatubatuar biolin jotzailea, jatorriz errusiarra (Kremenets, Ukraina, 1920). Ukrainan jaio zen, baina urtebete zuela bere gurasoak San Franciscora joan ziren. Biolina Naoum Blinderrekin eta Louis Persingerrekin landu zuen eta lehenengo kontzertua hamabost urte zituela eman zuen (Brahmsen biolinerako kontzertua San Frantziskoko Orkestra Sinfonikoarekin). New Yorken Pierre Monteuxen zuzendaritzapean jo ondoren, errezital ahaztezina eskaini zuen Carnegi Hallen. Gerra ondoren, bira bat egin zuen Europan zehar eta Luzerna, Prades eta Edinburgoko jaialdietan egon zen. Ganbera musikan ere nabarmendu zen Pablo Casalsek Leonard Rose eta Eugène Istominekin osatu zuen hirukotean. Bach, Vivaldi, Bartok, Prokofiev edo Stravinskiren lanak maisutasun handiz jo ditu, eta horiez gainera, Mozart, Beethoven, Paganini, Mendelssohn, Txaikovski, Brahms eta Bruchen pianorako kontzertuak ere sartzen ditu bere errepertorioan. Teknika liluragarria, doinu indartsu beroa dira Sternen ezaugarriak, eta horiei esker, XX. mendeko biolin jotzaile handienetako bat bihurtu da.