Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Shevardnadze, Eduard

Politikari georgiarra (Mamati, 1928). 1957-1961 urteetan Georgiako Komsomoleko idazkari nagusi izan zen eta 1972-1985 bitartean Georgiako alderdi komunistakoa. 1976. urtetik aurrera Batzorde zentraleko kide izan zen eta 1978. urteaz geroztik Politburoko kide eta Sobiet Goreneko diputatu. 1985. urtean Kanpo Arazoetarako ministro izendatu zuten eta Gorbachov-en laguntzaile estua izan zen. 1990. urtean dimisioa eman zuen estatu kolpea izan zitekeelakoan eta 1991n PCUSeko alderdia utzi zuen alderdi sozialdemokrata osatzeko. Sobietar Batasuna desegin zenean Georgiaren burujabetasunaren alde egin zuen. Georgiarrek presidente izendatu zuten 1992an. Georgiatik bereizi nahi zuten Abkhazia eta Hego Osetiako mugimendu independentistei aurre egin zien agintaldiaren hasieran. 1993ean Estatu Independenteen Elkartean sartu zuen Georgia. 1995ean sufragio unibertsalez hautatu zuten Errepublikako presidente, eta kargu horretan dago gaur egun. 1998. urtean, bere kontrako eraso bat izan zen, aurreko lehendakari Gamsakhurdiaren aldekoek egina.