Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Shih Huang-ti

Txinatar enperadorea K.a. 221-K.a. 209 bitartean (Txin, Txinako ipar-mendebalean, K.a. 259 - K.a. 209). Txinako lehen inperio batua eratu zuen eta Txin edo Kin dinastiako lehen enperadorea izan zen. Txuang Hsian Txin-eko azken erregearen semea zen eta Txao Txeng zuen jaiotza izena. Hamairu urte zituela egin zuten Txin-eko errege eta K.a. 221ean Txin Shih Huang-ti («Txinako lehen enperadore») aldarrikatu zuen bere buru. Administrazioa zentralizatu zuen eta horretarako 36 barruti militarretan banatu zuen inperioa. Neurriak hartu zituen, halaber, legeak eta hizkuntza molde guztiak bateratzeko. Konfuzioren jarraitzaileei esetsi zien eta 213. urtean nekazaritzari, medikuntzari, magiari eta historiari ez zegozkion liburu guztiak erretzeko agindu zuen. Hil ondoren, Xian ondoko mendi batean egindako hilobi handi batean ehortzi zuten. (1974. urtean hasi ziren 20 km2 dituen hilobi horretako indusketa lanak, eta terra-cottaz landuriko sei milatik gora estatua handi, gudariak eta zaldiak, aurkitu dira). Shi Huang-Ti-ren dinastia bera hil ondorengo laugarren urtean hautsi zen, baina hark bideraturiko egiturek zutik iraun zuten luzaroan.