Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sherrington, Charles Scott

Ingeles fisiologoa (Londres, 1857 - Eastbourne, 1952). Londres, Liverpool eta Oxfordeko unibertsitateetan irakasle izan zen. Goi mailako animalien nerbio sistema aztertu zuen 50 urtez. Erreflexuak organismo osoaren jarduera gisa aztertu beharrekoak zirela frogatu zuen saiaera baten bidez: “gihar sail bati eragiten zaionean, kontrako eginkizuna duten giharren eginkizuna aldi beran eragotzia geratzen da” (Sherrington-en legea). The Integrative Action of the Nervous System (1906, Nerbio sistemaren eginkizun bateratzailea) liburuan zentzumenen organoak aztertu zituen, eta batez ere erreflexuetan eragina zuten nerbioak. Burmuineko eritasunak, paralisiak eta atrofiak sendatzeko garrantzi handikoak izan ziren haren lanak. Hark sortua da neurona hitza. 1932an Medikuntza Nobel saria eman zioten berari eta Edgar Adrian-i.