Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Shepard, Alan Bartlett

Estatubatuar astronauta (East Derry, New Hampshire, 1923 - Kalifornia, 1988). Estatu Batuetako Itsas Gudarosteko Akademian graduatu zen, tenienteorde mailarekin, 1944an. Bigarren Mundu Gerran itsas gudarostean jardun zuen; ondoren graduazioak eskuratu zituen Marylandeko Patuxent River Itsas Pilotuen Eskolan eta Rhode Islandeko Newport Gerrako Itsas Eskolan. 1959an Estatu Batuetako gudarosteko astronauten saila sortu zelarik, bera izan zen sail hartako lehenengo zazpi kideetako bat. Shepard izan zen, halaber, espaziora hegan egin zuen lehen estatubatuarra, 1961ean; Freedom 7 kapsula nanoan 15 minutuko hegaldia egin zuen 185 km-ko altueran, orbitaz beheko hegaldi batean. Osasun arazoak zirela-eta, aldi batez erretiraturik egon ondoren, 1971n Ilargirako hegaldia zuzendu zuen Apolo 14 ontzian, eta Ilargi gainean iraunaldi luzeena egitea lortu zuten, 33,5 orduko errekorrarekin. 1974an bertan behera utzi zuen astronauta lanbidea.