Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Shelley, Percy Bysshe

Ingeles poeta (Field Place, Sussex, 1792 - Livorno, Italia, 1822). Ingalaterrako poeta erromantiko nagusietako bat da. Familia noble batean sortu zen. Ideia berrizaleen aldeko joera erakutsi zuen gaztetatik eta, 1811n, Oxfordeko unibertsitatetik egotzi zuten The Necessity of Atheism (Ateismoaren beharra) panfletoa idazteagatik. Urte horretan bertan Harriet Westbrook-ekin ezkondu zen. Hurrengo urtean anarkismoaren aintzindarietakotzat hartu izan den William Godwin pentsalaria ezagutu zuen eta, haren ildotik, arte eta filosofia aske baten alde egin zuen aurrerantzean. 1813an bere ideologiaren berri ematen duen Queen Mab, a Philosophical Poem (Mab erregina, filosofia poema bat) idatzi zuen. 1814an emaztea utzi zuen eta, Mary Wollstonecraft-ekin (M. W. Shelley izenaz ezaguna gero), William Godwinen alabarekin batera, Suitzara joan zen. 1816an Alastor idatzia zuen, eta Byron ezagutu zuen. Handik gutxira bere buruaz beste egin zuen Harriet bere emazteak, eta ukatu egin zioten bi semeak berarekin edukitzeko eskubidea. 1816. urtearen amaieran Mary Wollstonecraftekin ezkondu zen eta sorterritik joatea erabaki zuen. 1818an Italiara joan zen bizitzera eta, 1820an, Pisan finkatu zen. Bizitzako azken urteotan idatzi zituen Shelleyk obrarik onenak: Prometeus Unbound (1819, Prometeo lokabea) eta The Cenci (1819, Cencitarrak) alegiazko tragediak, Epipsychidion (1821) poema luzea eta, urte horretan bertan, Adonais, John Keats poeta eta adiskidea hil ondoren ondu zuen eresia. Poesiari buruzko saikera bat ere idatzi zuen, garrantzi handikoa, A Defense of Poetry (Poesiaren alde). Itsas istripu batean hil zen, Livornotik gertu.