Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Scorsese, Martin

Estatu Batuetako zinema zuzendaria (Flushing, New York, 1942). Italiar jatorriko familian sortu eta New Yorkeko “Little Italy” auzoan hazi zen. Apaizgaitegian urte batzuk egin ondoren zinema ikasketak egin zituen New Yorkeko unibertsitatean. Film labur batzuk eta Woodstock filmeko muntaketa egin zuen. 1968an egin zuen bere lehen film luzea, Who’s That Knocking at My Door?. Gero, Mean Streets (1973) filmean, Scorsesek maiz jorratu izan dituen gaiak, lekuak eta pertsonak ageri dira, italiar etorkinen giroa eta mafiarena; film horrek Robert De Niro zuen protagonista, bere beste film askotan bezala. Taxi Driver (1976) filmak arrakasta handia izan zuen. 1980an egin zuen Raging Bull (Zezen basa) maisu lanak Jack La Motta boxeolariaren historia kontatzen du. Estatu Batuetako gaur egungo zinemagilerik bikainenetakoa da Scorsese. Beste filma batzuk: Alice Doesn’t Live Here Anymore (1975, Alice ez da jadanik hemen bizi); New York New York (1977), Minelli eta komedia musikalari egindako omenaldia; The Last Waltz (1978) The Band taldearen azken kontzertuari buruzko erreportaia;The King of Comedy (1983, Komediaren erregea); After Hours (1985, Ordu txikitan); The Color of Monney (1986, Diruaren kolorea); The Last Temptation of Christ (1988, Jesu Kristoren azken tentaldia), iskanbila handia sortu zuen filma; Goodfellas (1989), mafiari buruzko film bikaina; Cape Fear (1991); The Age of Innocence (1993, Inozentziaren aroa). 1990ean mafiari buruzko film bat egin zuen ­Gutako bat, Robert de Nirorekin­, eta zuzendari onenaren eta gidoi egokitzapen onenaren Oscar sarietarako izendatu zuten. Beste zenbait lan aipagarri: Beldurraren lurmuturra (1991); Xalotasunaren adina (1993); Casino (1995); Kundun (1997); Gangs of New York (2002); The Departed (2006).