Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Scott, Walter

Eskoziar poeta eta eleberrigilea (Edinburgo, 1771 - Abbotsford, Roxburghshire, 1832). Eskoziako familia noble bateko semea zen; 1792. urtean amaitu zituen zuzenbide ikasketak. Eskoziako eta Ingalaterrako historiaz eta literaturaz arduratu zen. XIX. mendearen hasieran argitaratu zituen poesia bildumetan argi utzi zuen Eskoziako ahozko tradizioari buruz zuen ezagutza sakona: The Lay of the Last Minstrel (1805, Azken trobadorearen kantua), Ballads and Lyrical Pieces (1806, Baladak eta pieza lirikoak) eta The Lady of the Lake (1810, Aintzirako dama). 1812an, maila handiko idazlea ez zelakoan, Abbotsfordeko etxera erretiratu zen eta handik bi urtera argitaratu zuen lehen eleberria (Waverley), arrakasta handia lortu zuena. Hurrengo urteetan Eskoziako eta Ingalaterrako historia oinarri zuten liburuak idatzi zituen: Guy Mannering (1815), Rob Roy (1818), The Heart of Midlothian (1818), The Bride of Lammermoor (1819, Lammermoor-en andregaia), Ivanhoe (1819), The Pirate (1819, Itsas lapurra) eta Quentin Durward (1823). 1827. urtea arte ez zuen aipatutako eleberrien egilea zela onartu. 1890. urtean idatzi zuen Egutegia, biografia lana, izan zen idazlearen azken lan handia.