Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Savonarola, Girolamo

Italiar predikaria (Ferrara, 1452 - Florentzia, 1498). Fraide domingotarra zen eta 1491. urtean Florentziako San Marcos komentuko priore egin zuten. Oihartzun handia izan zuten Florentziako predikuek: bekatuez damutzeko eskatzen zien biztanleei, eta Ziro berri baten etorrera iragartzen. Karlos VIII.a Frantziako erregeak Italiako hiriak okupatu ondoren (1494), buruzagi nagusi geratu zen Florentzian, eta teokrazian oinarrituriko gobernu bat ezarri zuen hiri hartan. Guztiz berritu zituen konstituzioa, ekonomia eta justizia erakundeak, eta egunoroko ohiturak aldatzen saiatu zen (jai eta ospakizun profanoak debekatu zituen). Haren jokaera zuhur irmoak florentziarren banaketa ekarri, eta hiritarrak bitan banatu zituen: arrabbiati («errabiatuak», haren etsaiak) eta piagnoni («negartiak» haren aldekoak). Kritika zorrotzak egin zizkion Alexandro VI.a Borgia Aita Santuari; hark Erromara deitu zion, eta, jaramonik egiten ez zionez, eskumikatu egin zuen aita santuak Savonarola. Arrabbiatiek Aita Santuaren laguntza izan zuten, eta Savonarola preso hartu zuten San Marcosko komentuari eraso ondoren. Hiltzera kondenatu, eta, bi jarraitzailerekin batera, hura urkatu eta su eman zioten, gero, hilotzari. Kristau talde batzuek dohatsutzat eta santutzat ohoratu izan dute Savonarola.