Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Savimbi, Jonás

Angolatar politikaria (1934). UNITA (Angolaren Erabateko Independentziaren aldeko Batasun Nazionala) gerrilla taldeko burua. Portugalen kolonizazioaren aurka hasi zen borrokan, hogei urte zituela. 1966an, antolaketa politikoaren beharra ikusita, Angolaren Erabateko Independentziaren aldeko Batasun Nazionala sortu zuen, komunismoaren aurkakoa. 1975ean, Angolak askatasuna lortu zuenean, gerra gogorra hasi zen UNITAren eta gobernuaren artean. Angolaren Askapenaren Aldeko Herri Mugimenduak (MPLA), Sobietar Batasunaren eta Kubaren laguntzarekin, Angolako aginpidea lortu zuenean, Savimbik Hegoafrika, Estatu Batuen eta Zaireko gobernuaren laguntza eskatu zuen, komunismoaren mehatxuari aurre egin ahal izateko. Gerra luze baten ondoren, 1989an lehen su-eten ofiziala jarri zen indarrean. Dos Santos demokraziarako bidea urratzen hasi zen eta UNITAri hauteskundeetan parte hartzeko baimena eman zion. Hauteskundeak, baina, ez ziren egin. Borrokak etenik gabe jarraitu zuen eta negoziazio amaigabeetan urtebete joan ondoren, Savimbi eta Dos Santosek Bicesseko ituna izenpetu zuten, 1991ko maiatzaren 1ean, Estorilen. Hamasei urteetan milioi bat pertsona baino gehiago hil ziren gerran. Hilabete geroago, Jonás Savimbi eta Dos Santosek, Lisboan beste menia bat izepentzeko elkartuta, 1992ko irailerako deitu zituzten lehen hauteskunde demokratikoak. Eragozpenak eragozpen, lehen hauteskundeak egin ziren: Savimbik botoen % 40 eskuratu zituen eta Dos Santosek % 49. Savimbik, baina, ez zituen emaitzak onartu. Azkenik, nberen bitartekaritzaz, UNITAk hauteskundeen emaitzak onartu zituen, Bicesseko itunen baliagarritasuna onartu zuen, eta bi aldeek su-etena erabaki zuten, UNITAren desmilitarizazioa barne.