Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Savary, Jérôme

Frantses antzerkilaria (Buenos Aires, 1942). Aita frantsesa zuen, eta ama, berriz, estatubatuarra. Gaztaroa Frantzia, Hego Amerika eta Estatu Batuen artean igaro zuen. Fernando Arrabal antzerkilari espainiarrarekin batera Grand Théâtre Panique (1965) sortu zuen. Ondoren, berak bakarrik, le Grand Magic Circus (1968) sortu zuen, eta harekin muntatu zituen Zartan, frère mal aimé de Tarzan (1970, Zartan, Tarzanen anaia gaitzetsia), Cendrillon et la lutte des classes (1973, Errauskine eta klaseen borroka) eta De Moïse à Mao (1974, Moises-etik Maora). 1970eko hamarraldiaren bukaeran, lan klasikoak eta operak antolatu zituen. Antzerki zuzendaria izan zen frantses zerbitzu publikoan (hainbat eskualdetako zentro dramatikoko arduradun izan ondoren, Pariseko Théâtre national de Chaillot zuzendu zuen 1988. urteaz geroztik). Horrez gainera, espezialista egin zen lan lirikoetan (Prokofiev-en Gerra eta Bakea, 1991) eta antzerki musikalean (Cabaret, 1987). Komedian ere aritu zen: Molière-ren Aitoren seme burgesa lanean M. Jourdain-en papera egin zuen, eta hiru era desberdinetara eraman zuen antzerkira (1981, 1989 eta 1996).