Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sánchez Silva, José María

Espainiar idazlea (Madril, 1911 - 2002). Ama hil zitzaionean ekonomia egoera larrian gediltu zen, eta kalean eskean ibili behar izan zuen, harik eta El Pardoko umezurtz etxean sartu zuten arte. Ondoren adinez nagusi ez direnentzako hainbat erakundetan egon zen, eta takigrafia eta mekanografia ikasi zituen haietan. Hamazazpi urte zituela takigrafo gisa hasi zen Madrilgo udaletxean lanean. 1934an idatzi zuen bere lehenengo ipuin liburua, El hombre de la bufanda (Bufanda zuen gizona). 1939an Espainiako Gerra Zibilaren ondoren kazetari gisa hasi zen Arriba Falangeko aldizkarian, eta haren zuzendariorde izatera iritsi zen. 1957an Literaturako Sari Nazionala lortu zuen eta 1968an Hans Christian Andersen domina. Lan ugari idatzi zituen eta bere Marcelino Pan y Vino (1952) istorioaren ehun edizio baino gehiago argitaratu ziren. Berak idatzi zuen izen bereko filmerako gidoia 1954an; filmak ere berebiziko arrakasta izan zuen. Pertsonaia horri buruz hainbat lan idatzi zituen ondoren, hala nola Historias menores de Marcelino Pan y Vino (1953, Marcelino Pan y Vinoren kontakizun txikiak) eta Aventura en el cielo de Marcelino Pan y Vino (1954, Marcelino Pan y Vinoren abentura zeruan).