Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Russell, Henry Norris

Estatu Batuetako astronomoa (Oyster Bay, New York, 1877 - Princeton, New Jersey, 1957). Princetongo unibertsitatean ikasketak egin ondoren Cambridgeko (Ingalaterra) behatokian izan zen laguntzaile. Princetongo unibertsitateko astronomiako irakasle izendatu zuten 1905. urtean eta hiri bereko behatokiko zuzendari 1912an. Wilson mendiko behatokiko astronomo hautatu zuten ondoren. Ejnar Hertzsprung daniar astronomoak eginiko aurkikuntzetan oinarrituta, egun erabiltzen den izar sailkapena (superrerraldoiak, erraldoiak, nanoak) zehaztu zuen, argitasun eta espektroen arabera betiere (Hertzsprung-Russell diagrama). Izar bikoitzak ere aztertu zituen, eta haien orbitak neurtzeaz gainera, izarren arteko urruntasuna zehaztu zuen.