Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rusiñol, Santiago

Kataluniar pintorea eta idazlea (Bartzelona, 1861 - Aranjuez, 1931). Parisa joan zen eta hango inpresionistekin harremanetan hasi zen. Modernismoaren aitzindari izan zen Katalunian, eta paisaiak pintatu zituen gehienbat. Literaturari dagokionez dramak idatzi zituen batez ere. 1901. urtean lortu zuen lehen arrakasta handia, L’alegria que passa (Igarotzen den poza) komediari esker. Ondoren etorri ziren El mistic (1903, Mistikoa), La mare (1907, Ama), L’homenatge (1914, Omenaldia) eta L’auca del senyor Esteve (1917, Esteve jaunaren kontaera) antzerki lan ospetsua. Azken obra horretan kritika zorrotza egin zion bere garaiko gizarteari. Harenak dira, halaber, Oracions (1897, Otoitzak) poema bilduma, L’illa de la calma (1920, Uharte baketsua) narrazio liburua eta Miss Barceloneta (1930) antzerki lana.