Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Roosevelt, Franklin Delano

Estatu Batuetako 32. lehendakaria 1933-1945 bitartean, hiru agintalditan izendatua izan den bakarra (Hyde Park, New York, 1882 - Warm Springs, Georgia, 1945). Theodore Roosevelt lehendakariaren lehengusua zen. Harvard-eko unibertsitatean egin zituen zuzendaritzako ikasketak. 1910ean senatari aukeratu zuten New York-en, demokraten aldetik. Itsas Armadako idazkari egon zen Wilson-en agintaldian (1913-1920), baina poliomelitisak jo zuen eta dena utzi behar izan zuen 1921ean. 1929an New York-eko gobernari hautatu zuten; 1932ko azaroan irabazi zituen lehendakaritzarako hauteskundeak, 1929ko krisiak oso egoera larrian utzi baitzuen Herbert Hoover lehendakari errepublikarra. Krisiari aurre egiteko, New Deal (Egitarau berria) izeneko programa prestatu zuen Roosvelt-ek karguaz jabetu bitarteko hilabeteetan (1933ko martxoa). 1933tik aurrera, Estatu Batuetako ekonomia ikuspegi liberal hutsetik urruntzen zuten neurriak hartu zituen kongresuak, eta estatuari esku gehiago eman zitzaion alor askotan: bankaren erreforma, diruaren balio gutxitzea, nekazaritzaren gehiegizko ekoizpenaren aurkako neurriak, indemnizazio politika baten bitartez (AAA: Agricultural Adjustement Act), konkurrentziaren kontrola eta enpleguaren doikuntza industrian (NIRA: National Industrial Recovery Act). Garai berean, 1933ko azaroan, ezagutu zuen Sobietar Batasuna. Langabeziaren aurkako neurriak hartu zituen gizarte eta ekonomia mailan, eta neurri haiek guztiak gutxi zirela eta, defizit aurrekontuetara jo zuen estatuaren altxorraz baliatuz. Kapitalista handiek kritika bortitzak egin zituzten neurri haien aurka, eta Epaitegi Gorenak legez kanpo ezarri zituen NIRA (1935) eta AAA (1936) bidezko neurriak. Herria bere alde zuen ordea; 1936ko hauteskundeetan botoen % 61 lortu zuen. 1939ko urrian, Alemaniako nazien arriskua nabarmendu zenean aldatu zuen 1935ean neutraltasunaren alde izenpetu zuen hitzarmena, eta 1940an berriro hautatu zuten lehendakari (botoen % 54). 1941. urtean Lend Lease Act edo «laguntza ordainaren truke» legea onartarazi zion kongresuari, eta handik aurrera hasi ziren Estatu Batuak Britainia Handiari eta haren aliatuei laguntzen. Nahitaezko soldadutzarako legeak, ordea, boto bakar baten gehiengoa lortu zuen. 1941eko abenduan, japoniarrek Pearl Harbour-ean eginiko erasoak sumindu zuen Estatu Batuetako herria, eta Estatu Batuak bete-betean sartu ziren Bigarren Mundu Gerran. Roosevelt-ek aliatuen arteko batzarrean parte hartu zuen (Casablanca, Québec, Kairo, Teheran) eta Yaltan, Churchil-en gogoaren kontra, esku handia eman zion Stalini Europan eta Asiako ekialdean. 1944ko azaroan berriro hautatu zuten lehendakari (botoen % 53,4), baina bihotzekoak jota hil zen 1945eko apirilean. Truman lehendakariordeak hartu zuen haren lekua.