Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rono, Henry

Kenyar kirolaria (Kaprirsang, Rift, 1952). 1972an hasi zen kirolari gisa, hogei urterekin; 1977an, beka bati esker, Estatu Batuetara aldatu zen ikastera, eta han munduko atleta handienekin entrenatzeko aukera izan zuen. Ibilbide luzeko lasterketetan espezializatua da, eta munduko marka hobetu zuen arren, ezin izan zuen parte hartu Montréalgo (1976) eta Moskuko (1980) Olinpiar Jokoetan, Afrikako gainerako herrialdeek bezala Kenyak Olinpiar Jokoei egindako boikota zela-eta. Horrela, bere markak Afrikako Jokoetan eta Commonwealthekoetan ezarri ahal izan zituen soilik: 1978ko Commonwealtheko Jokoetan urrezko domina lortu zuen 5.000 eta 3.000 m hesiekiko lasterketetan, eta Afrikako Jokoetan, berriz, 10.000 eta 3.000 m hesiekikoetan, eta munduko errekorra lortu zuen 5.000, 10.000 eta 3.000 metro hesiekiko lasterketetan. 1981ean itzuli zen nazioarteko lehiaketetara, Norvegian, eta bere errekorra gainditu zuen.