Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Roldán, Amadeo

Kubatar musikagilea eta biolinista (Paris, 1900 - La Habana, 1939). Madrilgo kontserbatorioan egin zituen ikasketak eta Sarasate saria irabazi zuen. Habanako orkestra filarmonikoaren lehen biolinista izan zen hura sortu zenean, eta geroago zuzendari izendatu zuten. 1927. urtean Habanako Harizko Tresnetarako Laukotea sortu zuen. 1935. urtean Habanako kontserbatorioko konposizio irakaslea izan zen. Roldán-en musikak erritmo bizia du, eta afrokubatar osagaiak erabiltzen ditu. Garrantzi handia izan zuen garai hartako Kubako kulturan; Kubak eman duen musikagile handiena izan da. Roldán-en lan aipagarrienak dira, besteak beste: La rebambaramba (1928) balleta, Alejo Carpentier idazlearen testuarekin; El milagro de Anaquille (1931) balleta; Obertura sobre temas cubanos (1925); Los tres toques (1931), eta Motivos del son (1934), hirurak orkestrarako.