Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Renaud, Madeleine

Frantses antzezlea (Paris, 1900 - Paris, 1994). 1921-1946 bitartean Comédie-Françaiseko antzezle izan zen. Jean Benoît-Lévyren La Maternelle (1933) filmeko eta Jean Grémillonen Remorques (1939, Atoiak), Le ciel est à vous (1943, Zerua zuena da) filmetako protagonista izan zen. Madeleine Renaudek emakume frantses, xarmant, gozo eta sentiberatasun handikoaren pertsonaia osatu zuen. 1946. urtetik aurrera, ordea, antzerkian aritu zen batez ere, nahiz eta tarteka egin zuen zineman paperen bat edo beste: Max Ophulsen Le Plaisir (1951, Plazerra), Marguerite Durasen Des journées entières dans les arbres (1976, Egun osoak zuhaitzetan), etab. Renaud-Barraulten konpainiarekin paper klasiko handiak egin zituen, eta Marivauxen interprete handientzat hartu ohi da: Les Fausses Confidences (1946, Konfidentzia faltsuak), La Seconde Surprise de l'amour (1949, Maitasunaren bigarren ustekabea). Baina lan moderno garrantzitsuetan ere parte hartu zuen: Samuel Becketten Oh les beaux jours (1963, Oi egun ederrak), Jean Geneten Les Paravents (1966, Bionboak), Durasen Savannah Bay (1983)…