Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rendell, Ruth

Britainiar idazlea (Londres, 1930). Gazte-gaztetatik irakurle amorratua izan zen. Bigarren mailako ikasketak egin ondoren, kazetari gisa lan egin zuen lau urtez hainbat aldizkaritan. Ondoren ipuinak eta eleberriak idazten hasi zen. Baina lehenengo lanak ez zituen berehalakoan argitaratu. 1964an argitaratu zuen Maitale gogaikarri bat, bere lehenengo polizia eleberria. Lan horretan poliziak beren lana egiten ez ezik, bere bizitza pribatuan ere erakusten ditu, eta horrek kutsu errealista ematen dio lanari. Rendellen lanetan hiltzaileak bestalde izaki arruntak dira, zenbaitetan baztertuak. Baina horien motibazioak ezagutzea da egilearen helburua. Bere kontakizunetan era guztietako gaiak lantzen ditu: bakardadea, familia arteko harremanak, maitasuna, intzestua, arrazismoa, langabezia. Dena dela, pertsonaien analisi psikologikoa da Ruth Rendell suspentseko lanak idaztera eraman zuen arrazoia. Alor horretan askatasun handiagoa sentitzen zuen. Salomeren dantza (1965) eta Mamuak (1963) lanetatik hasi eta Krokotido txoria (1993) lana bitartean, lan askorekin lortu zuen arrakasta alor horretan. Analfabetoa (1977) lana hartzen da Rendellen maisulantzat. 1986. urtetik aurrera zenbait lan psikologiko ilun idatzi zituen. Garai berri hori aurrekoetatik bereizteko, Barbara Vine ezizena erabili zuen. Vera hil egingo da (1986) eta Astaren egunkaria (1993) dira aldi horretako lanak. Ruth Rendellek berrogei lan baino gehiago idatzi ditu, hamabost hizkuntza baino gehiagotara itzuli dira bere lanak eta salmenta handieneko liburuen artean egon dira. Bestalde, hainbat sari irabazi ditu, hala nola, Frantziako Abenturako Eleberrien Saria, eta hainbat sari Estatu Batuetan Mystery Writers of America erakundearen eskutik. Baroi titulua eman zioten 1997an.