Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ratsiraka, Didier

Madagaskartar politikaria eta militarra (Vatomandry, 1936). Bi urtez Tananariveko San Migel eskolan ikasi zuen, jesuiten zuzendaritzapean; goi mailako ikasketak Frantzian egin zituen, eta militar ikasketak Lanveoc-Poulmic-eko Ontzi Eskolan, Bormetteseko Transmisioetako Eskola Ofizialean, eta Parisko Ontzidiko Gerrako Goi Eskolan. Madagaskarreko independentziaren ondoren, 1960ko ekainean, politikan hasi zen, eta 1963tik 1970era bere karrerarekin zerikusia zuten karguak izan zituen. 1970etik 1972ra Madagaskarreko enbaxadaren agregatu militarra izan zen, Frantzian; Kanpo Arazoetako ministro gero; eta Lehen ministro eta Defentsa ministro 1975ean. 1976ko urtarrilean, lehen aldiz, Madagaskarko Errepublika Demokratikoaren lehendakaritza lortu zuen, eta harrezkero Ambohitsorohitran lan egin zuen, Madagaskarko monarkiarena izandako Jauregi Zaharrean. 1989an lehendakari hautatu zuten, ostera, beste zazpi urterako, botoen % 63 eskuratuta. Hauteskunde horietan iruzur eta askatasunik ezaren akusazioak izan ziren. Didier Ratsirakaren erregimenaren 17 urteak 1993ko martxoan amaitu ziren, bere kritikari nagusia Madagaskarko Auzitegi Goreneko lehendakari izendatu zutenean. Ratsirakak almirante gradua du. Gainera, Iraultzaren Batzorde Gorenaren lehendakari izan zen 1975eko ekainetik aurrera, Madagaskarko Iraultzaren Abangoardiaren idazkari nagusia 1976tik aurrera, eta Madagaskarko Iraultza Sozialistaren Defentsarako Fronte Nazionalaren idazkari nagusia 1977etik aurrera.