Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rato Figaredo, Rodrigo de

Espainiar politikaria eta legelaria (Madril, 1949). Zuzenbide ikasketak egin zituen Madrilen (1971), eta enpresa administraziokoak Berkeleyko Unibertsitatean. Espainiara itzuli zen, eta zenbait enpresa pribatutan aritu ondoren, Alianza Popular alderdian sartu zen. 1980an alderdiko Zuzendaritza batzordeko kide hautatu zuten, eta urtebete geroago, Ekonomia eta Merkataritza batzordeko idazkari. 1982-1986 bitartean, legebiltzarkidea izan zen, eta alderdiko legebiltzarkideen idazkari nagusi. 1989ko urtarrilean, alderdiaren IX kongresuan alderdiak Partido Popular (PP) izena hartu zuen. Rato idazkari nagusiaren laguntzaile izendatu zuten, Zuzendaritza batzordearen barruan. 1989an idazkari nagusiaren laguntzaile kargua utzi zuen, Legebiltzarreko koordinazio lanetan, Diputazio Iraunkorrean eta Araudi batzordean aritzeko. 1990etik aurrera alderdiko burua Aznarren laguntzaile estuenetako bat izan zen. Ekonomia gaietan aditua den aldetik, Legebiltzarreko ekonomia eztabaiden ardura hartu zuen, alderdiaren izenean. 1993an legebiltzarkide hautatu zuten berriro, Madrilen. 1996an, alderdiaren XII. kongresuan, alderdiko Zuzendaritza batzordeko lehendakariorde izendatu zuten. PPk hauteskunde orokorrak irabazi zituenean, gobernu berriko bigarren lehendakariorde izendatu zuten, eta Ekonomia eta Finantza ministro.