Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rankine, William John Macquorn

Eskoziar fisikaria eta ingeniaria (Edinburgo, 1820 - Glasgow, 1872). Glasgowko unibertsitatean ingeniaritza zibileko eta mekanikako irakaslea izan zen 1855. urteaz gero. Carnot, Clausius eta Joule-rekin batera termodinamikaren aitzindaritzat hartua da. Oso ezaguna da lurrun makinari buruz egin zituen ikerketengatik. Materia eta indar kontzeptuetan oinarritzen zen unibertsoaren mekanika ikuspegia alde batera utzi eta unibertsoko gertaera guztiak energiaren eraldaketaren bidez azaltzen zituen teoria berri baten alde agertu zen. Bera izan zen Eskoziako ingeniarien institutuaren lehen lehendakaria. v Rankineren zikloa. Kondentsa daitekeen lurrun batekin lan egiten duten bero ponpetan eta motor termikoetan eredu ideal gisa erabiltzen den termodinamikako zikloa. Lau aldi ditu: 1) ura presio konstantean berotzen da lurruna asetze puntuaz goitik jaso arte; 2) lurruna zabaldu egiten da entropia konstantepean; 3) lurrunaren kondentsazio isobarikoa gertatzen da; eta 4) ura konprimitu egiten da, baldintza entropia konstantepean, hasierako presiora iritsi arte.