Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rangoon

(Birmanieraz, Yangon). Birmaniako hegoaldeko hiria eta estatuko hiriburua, Rangoon edo Hlaing ibaiaren ertzean, Martaban-go golkoaren iparraldean. 2.458.712 biztanle. 1920. urtean sortutako unibertsitatea. Industria (janari industria, ontziolak, larrugintza, zurgintza, petrolio findegiak, kimika industria), eskulangintza, merkataritza eta finantzak dira ekonomia jarduera nagusiak. Garrantzitsua da, halaber, portuko jarduera. Arroza, zura, gomak, bolia, tabakoa, espeziak eta lurpeko aberastasunak (beruna, zinka) esportatzen dira, besteak beste. 1850. urtean diseinaturiko plano errektangular baten arabera eraiki zuten hiria, Shwe Dagon urre koloreko pagoda budista handi eta ikusgarria erdian duela. v Historia. K.a. VI. mendean sortu zuten hiria; oso hiri garrantzitsua izan zen erlijioaren (budisten erromesgunea) eta industriaren aldetik (ontziolak). Alompra erregeak eman zion gaur egungo izena eta, 1753an, Birmaniako hiriburu egin zuen. 1852an, ingelesek hartu zuten; 1942an, berriz, japoniarrek; eta 1945ean, ingelesek berriro ere.