Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ramos-Horta, Jose

Timor Ekialdeko politikaria eta diplomatikoa (Calida, 1953). Bakearen Nobel saria jasotakoa (1996), Carlos Felipe Ximenes apezpikuarekin batera, Timor Ekialdeko herriaren alde egindako lanarengatik. Timor Ekialdea Timor uhartearen ekialdeko erdia da (Uhartea Indonesiako uharte sailaren mutur batean dago). 1975 baino lehen, Timor Ekialdea Portugalen mendeko kolonia zen. 1975eko azaroan independentzia aldarrikatu zuen, Timor Ekialdeko Errepublika Demokratiko gisa, baina abenduan Indonesiako gudarosteak errepublika jaioberria inbaditu zuen. Timor ekialdeko biztanle gehienak katolikoak ziren eta ez zuten egon nahi musulmanen agindupean. Ramos-Horta Indonesiak desegindako gobernu hartako kideetako bat zen. Gaztetan Portugaleko administrazio kolonialari aurre egiteagatik Mozambikera deportatu zuten (1966). Jaioterrira itzultzen utzi ziotenean, Fretilin alderdia (Timor Ekialdeko Independentziaren Aldeko Fronte Iraultzailea) sortzen parte hartu zuen. 1975ean hiru asteko gerra zibila izan zen Fretilin-eko kideen eta timortar kontserbadoreen artean; Fretilin-ek irabazi zuen gerra. Gobernu berriko Kanpo Arazoetako ministro gisa, Ramos-Horta kanpoan zen, errepublika berriaren onespena eskatzen, Indonesiak Timor Ekialdea inbaditu zuenean. Handik aurrera Timorreko Erresistentzia Batzorde Nazionalaren ordezkari berezia izan zen atzerrian. 1999an Indonesiak Timor Ekialdean erreferenduma egitea onartu zuen eta jende gehienak independentziaren aldeko botoa eman zuen.