Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ramón y Cajal, Santiago

Nafarroan jaiotako espainiar medikua eta histologoa (Petilla de Aragon, Nafarroa 1852 - Madril, 1934). 1906. urtean Camillo Golgi italiar medikuarekin batera Fisiologiako edo Medikuntzako Nobel saria jaso zuen, neurona edo nerbio zelula nerbio sistemaren egituraren oinarri gisa aztertu eta finkatu zuelako. Aurkikuntza horrek eragin handia izan zuen nerbio sisteman neuronek betetzen duten oinarrizko funtzioa eta nerbio kitzikaduren funtzionamendua aztertzeko. Valentziako unibertsitateko anatomiako irakasle izan zen (1884-1887), eta histologia eta anatomia patologiako irakasle Bartzelonako (1887-1892) eta Madrilgo (1892-1922) unibertsitateetan. 1913. urte aldera laborategiko frogetan enbrioien eta animalia gazteen garuneko, bizkar muineko eta zentzuguneetako nerbio ehunaren egitura fina aztertzeko Golgi-k erabilitako zilar nitrato koloregaia (1903) hobetu zuen urre koloregaia asmatuz. Nerbio egitura aztertzeko erabiltzen den koloregai horrek begiaren erretinaren egitura eta gai grisean nahiz bizkar muinean nerbio zelulek duten egitura eta lotura aztertzeko ez ezik, garuneko tumoreak diagnostikatzeko ere funtsezko balioa du. Espainiako Real Academia de las Ciencias-eko kide izateaz gainera, Instituto Nacional de Higiene erakundeko zuzendari ere izan zen. 1920. urtean Espainiako Alfontso XIII.ak haren izena daraman institutua sortu zuen Madrilen; han eman zituen lanean Ramón y Cajal-ek hil bitarteko urteak. Aipaturiko Nobel sariaz gainera, Moskuko nazioarteko saria (1900) eta Helmholtz Domina (1905) jaso zituen. Nerbio sistemaren egiturari buruz idatzi zituen obren artean aipagarriak dira, besteak beste, Histología del sistema nervioso del hombre y de los vertebrados (1879-1904) eta Estudios sobre la degeneración y regeneración del sistema nervioso (2 ale, 1913-14). Bestelako idatziak: La fotografía de los colores (1912), Recuerdos de mi vida (1923), Charlas de café (1921), eta Obras literarias completas (1950), bera hil ondoren argitaratua.