Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Proudhon, Pierre Joseph

Frantses anarkista (Besançon, 1809 - Paris, 1865). Familia xehe bateko semea zen eta ikasketak utzi behar izan zituen lanean hasteko. Parisa jo zuen 1838an, eta handik bi urtera kaleratu zuen Qu’est-ce que la propriété (Zer da jabegoa?) obra. Liburu horrek eztabaida biziak sortu zituen, jabegoa lapurreta dela baieztatzen zuelako. Avertissement aux propriétaires (1842, Jabeei oharra) obran azaldutako tesien ondorioz epaitu zuten, baina aske utzi zuten eta Lyongo hirira joan zen bizitzera. Parisa egin zituen bidaietan Karl Marx eta Mikhail Bakunin ezagutu zituen, besteak beste. Système des contradictions économiques, ou philosophie de la misère (1846, Kontraesan ekonomikoen sistema, edo miseriaren filosofia) liburuan gogor kritikatu zuen komunismoa, autoritarismoa eta estatu zentralizatuaren defentsa zekarrela argudiatuz; Marxek gogor erantzun zion La Misère de la philosophie (1847, Filosofiaren miseria) liburuan. Parisen hartu zuen berriz ere bizilekua, eta 1848ko iraultzan parte hartu zuen. 1849an atxilotu zuten Napoleon III.ari egin zizkion kritikengatik. Espetxean zegoela, Idée générale de la révolution au XIXème siècle (1851, XIX. mendeko iraultzako ideia nagusia) obra idatzi zuen; obra horretan, estatu nazionalik gabeko eta mugarik gabeko gizarte federal baten ikuspegia eman zuen, aginpidea komunitateen edo herrietako elkarteen esku utziko zuena eta autogestioaren bidez gobernatuko zena. Bestalde, bortxakeriaren kontrakoa zen; Proudhonen ustez, etikaren aurreramenduak berak bultzatuko zuen gobernuen desagertzea. Burgesen eta langileen arteko batasunaren alde agertu zen, eta komunistek atzerakoitzat jo zuten. 1852. urtean aske geratu zen, poliziaren begiradapean bizi behar izan zuen arren. De la justice dans la révolution et dans l’église obran (1858, Justizia iraultzan eta elizan) eliza gaitzetsi zuen, eta haren ondorioz Bruselara erbesteratu behar izan zuen. Sei urte geroago Parisa itzuli zen eta Du principe fédératif (1863, Federazioaren printzipioa) obra argitaratu zuen, bere ideia politikoak biltzen zituen obra, hain zuzen. Mikhail Bakunin anarkistak urte batzuk geroago esan zuen bezala, Proudhon anarkisten maisua izan zen.