Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Proust, Marcel

Frantses idazlea (Anteuil, 1871 - Paris, 1922). Zuzenbide eta literatura ikasketak egin zituen Parisen. Ondoren, aisian bizi izan zen, aristokrazia giroan. 1896an, kontakizun liburu bat argitaratu zuen Les plaisirs et les jours (Plazerrak eta egunak). Baina, 1906. urtea arte ez zen hasi idazle gisa sona eta ospea ekarri zion eleberri saila idazten. Horretarako, aurreko gizarte bizitzari uko egin eta Parisko aldirietan zuen etxera bildu zen. Eleberri sailaren izena, À la recherche du temps perdu (Denbora galduaren bila) zen, eta lehen liburukiarena, berriz, Du côté de chez Swann (1913, Swann-i dagokionez). Hasieran harrera hotza izan bazuen ere, pixkanaka oniritzia jasotzen hasi zen eta horrek bideratu zuen sailaren bigarren alearen argitaratzea: À l’ombre des jeunes filles en fleur (1919, Loretan diren neskatxen gerizpean). Proust bera bizi zela, beste bi eleberri argitaratu ziren: Le côté de Guermantes (1920-1921, Guermantes-i doakiona), eta Sodome et Gomorrhe (1921-1922); Denbora galduaren bila osatzen duten gainerako hiru eleberriak Proust hil ondoren argitaratu ziren: La prisonnière (1923), La fugitive (1925) eta Le temps retrouvé (1927, Denbora aurkitua). v Konplexutasun handiko eleberri saila da Denbora galduaren bila eta eragin handia izan du geroko literaturan. Obra osoaren egitura, batasunaren gakoa, kontalariaren ikuspuntuan dago; kontalari hori Proust beraren alter egoa da, oroimenaren bidez, bere bizitza kontatzen duena. Haurtzaroko alaitasunaren minez, helduaroko bizitza sozialetik urrundurik, bere garaiko gizartearen kritika gogorra egiten du Proustek bere liburuetan.