Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Poirier, Louis

Frantses olerkari, eleberrigile, saiakera idazle eta antzerkigilea (Saint-Florent-Le-Vieil, Maine-et-Loire, 1910 - Anges, 2007). Historia eta geografiako irakaslea izan zen. 1938an Au château d´Argol (Argolko gazteluan) bere lehen eleberria argitaratu zuen, André Bretónek surrealistatzat harturiko obra. Handik urte batzuetara Goncourt saria eman zioten Le rivage des Syrtes (1951, Syrtes ibai ertza), eleberriarengatik, baina ez zuen sari hura onartu. Eleberri aipagarriak ditu, orobat, Un beau ténébreux (1945, Edertasun malenkoniatsua), Un balcon en forêt (1958, Balkoia basoan), La presqu´île (1970, Penintsula) eta Les eaux étroites (1976, Ur estuak). Poirierren idazkera originala, sinbolikoa, metafisikoa da, formalismo orotatik aldendua; oro har, ez du konpromiso ideologikorik erakusten bere garaiarekin, eta etengabe jotzen du Erdi Arora eta erromantizismora. Prosazko bere lanak oso zorrotzak dira, aberatsak, metafora ugariz hornituak. Poirierren saiakera nagusiak Littérature à l´estomac (1950, Literatura urdailean) literatura sariekin bilatzen den idazleen komertzialismoa kritikatzen zuen panfletoa, André Breton, Quelques aspects de l´escrivain (1948, André Breton, idazlearen zenbait ezaugarri), Lettrines (1967), Lettrines II (1974), En lisant, en écrivant (1981, Irakurtzen, idazten) eta Carnets du grand chemin (1992, Bide handiko koadernoak) dira. Harenak dira, halaber, Liberté grande (1947, Askatasun handia) prosazko olerkia, La terre habitable (1951, Bizitzeko lurra) eta Le roi pêcheur (1948, Errege arrantzalea) drama poetikoa.