Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Poincaré, Henri

Frantses matematikaria (Nancy, 1854 - Paris, 1912). Parisko eskola politeknikoan (1872-1875) eta Meatzetako Eskola Gorenean egin zituen ikasketak. Matematika huts eta aplikatuak ikasteari ekin zion ondoren eta 1879. urtean egin zen doktore ekuazio diferentzialei buruzko tesiarekin. Caen-go unibertsitatean irakasle izan ondoren Parisko unibertsitatera deitu zuten eta hango irakaslea izan zen hil zen arte. Bere garaiko matematikaririk onenetakoa izan zen; matematikako adar guztietan egin zituen ikerketak: analisia, zeru mekanika, isurkarien mekanika eta geometriaren oinarriak. Lan garrantzitsua egin zuen, halaber, topologia modernoaren inguruan. Parisko Zientzien Akademiako kide izendatu zuten 1887an eta lehendakari 1906an. Urte berean elektroiaren dinamikari buruzko ikerlan bat egin zuen, Albert Einsteinek erlatibitatearen teoriaren ondorioz aurkitu zituen zenbait emaitzaren aitzindaria izan zena. Frantziako Akademiako kide izendatu zuten 1908an. Obra nagusiak: La Science et l’hypothèse (1903, Zientzia eta hipotesia) eta Science et méthode (1908, Zientzia eta metodoa).